Legazpiko futbol familia handitzeko bazkidetza kanpaina hasi du Ilintxak
Ohiko bazkide egiteko aukeraz gain, Ilintxa Laguna bihurtzeko aukera ere eskaintzen du klubak. Gabonetako loteria du salgai. Zazpi taldetan 140 jokalari daude, eta beste 68 futbol eskolan
Legazpiko Ilintxa futbol elkartea familia handitzeko gogoz dabil 75 urte bete berritan, eta bazkide gehiago lortzeko kanpaina abiatuko du gaur horretarako. Hasiera batean kalera atera eta karpa bat jartzeko asmoa zuten, baina azken orduko aldaketak izan dira, eta kaleko ekintza hori bertan behera utzi behar izan dute.
Hala ere, aurrera jarraituko du sare sozialetan bideo labur batzuen bidez iragarri duten bazkidetza kanpainak, eta Gabonak arteko epea izango dute legazpiarrek bazkide edo lagun bihurtzeko .
Bazkideak eta lagunak
Izan ere, Ilintxak bi figura proposatzen dizkie herritarrei klubari babesa emateko. Ohiko bazkidearena da bat, eta horrek 50 euroko prezioa izango du. Baina «dirua oztopo bat» izan daitekeela ikusita, Ilintxa Laguna figura ere sortu dute. «Jende gazteagori zuzenduta dago hori», argitu du Rosek, eta 10 eurokoa izango da laguntza mota hori.
Bazkideek eta lagunek onura berberak izango dituzte. Txartel bat jasoko dute, eta «garai batean bezala partidetara dohainik sartzeko balio ez duenez, gaur ez direlako sarrerak kobratzen, hilean behin egingo diren zozketetan parte hartzeko aukera emango du». Rosek sarietako batzuk aipatu ditu: «Realeko partidetarako sarrerak, kirol materiala…». Bazkideei eta lagunei aitortza egiteko modu bat izango dela erantsi du.
Abantaila gehiago ere izango dituzte bazkideek zein lagunek: 75. urteurrenaren ospakizunen artean egingo diren antzerki emanaldirako edo dantza ikuskizunerako sarrerak erosteko lehentasuna, klubeko merchandising produktuetan beherapenak, senior mailako partidetan egiten den errifarako txartelak opari… «Abantaila txikiak dira, baina, aldi berean, kluba laguntzeko pizgarriak dira».
Egutegirik ez, loteria bai.
Legazpiko futbol familia handitzeaz gain, Ilintxa diruz laguntzeko helburua ere badu bazkidetza kanpaina honek. Eta helburu berarekin, Gabonetako loteria saltzen ere ari da kluba. Herriko hainbat tabernatan eta dendatan daude salgai boletoak.
Azken denboraldietan egin duten produktuz beteriko saskiaren zozketa, aldiz, ez dute egingo. Errifa horretarako zenbakiak klubeko talde bakoitzaren argazkiekin egindako egutegi txikien bidez saltzen zituzten. Aurten ez da izango Ilintxako taldeen egutegirik, beraz.
Denboraldi honetan Ilintxak zazpi talde ditu, senior, jubenil, kadete, haur eta kimu mailetakoak. Guztira, Legazpiko 140 neska eta mutil ari dira futbolean Ilintxarekin, baina jokalari federatuez gain, futbol eskolan ari diren 68 neska-mutikoak ere zenbatu behar dira.