Santa Zezilia egunaren ospakizunak musikaz bete du Legazpi asteburuan
Gaur ere izango da musikaz gozatzeko aukera, Doinua eskolako ikasleek eta irakasleek 17:00etan egingo duten kalejirarekin
Musikarien zaindariaren eguna gaur azaroak 22 bada ere, Santa Zeziliaren inguruko ospakizunak larunbatean hasi ziren Legazpin, eta oraindik ez dira amaitu.
Udalak sustatutako Azaroan Musika programaren barruan, larunbatean izan ziren Santa Zezilia inguruko ospakizun nagusiak. Aurten, ohiko kontzertu bateratua egin beharrean, herriko lau talde nagusiek kalean egin dituzte emanaldiak. Goiz Deia txistulari bandak eta Legazpi Musika Bandak kalejira bana egin zuten arratsaldean, eta plazan elkartu ziren gero Santikutz Abesbatzarekin, Alaitasuna Errondailarekin eta Sustraiak eta Korosti taldeetako dantzariekin, eguneko ekitaldi nagusirako. Aurreskua egiteaz gain, Legazpiko ereserkia abestu eta dantzatu zuten guztien artean. Ondoren, abesbatzak eta errondailak saio bana egin zuten Azoka inguruan. Musika festak gauean izan zuen jarraipena, talde bakoitzaren ohiko afariaren aitzakiarekin.
Igandean Doinua musika eskolako dultzainero taldearen txanda izan zen, eta kalejira egin zuten goizean zehar.
Gaur amaituko dira Legazpiko Santa Zezilia ospakizunak, eta Doinuako ikasleak eta irakasleak kalejiran aterako dira 17:00etan Kale Nagusian, Fafarre taldean elkartuta.