Adinekoen eta osasun langileen pregoiarekin hasiko dira festak
Jaien hasierako suziria bihar botako dute, 19:00etan; aurretik, toka, igel eta bote txapelketa, haur dantzaldia eta trikipoteoa egongo dira. Larunbatean, mozorrotuen eguna izango da, eta igandean, odolki lehiaketa.
Bihar emango diete hasiera Ander Deunaren jaiei Ormaiztegin. Aurreko asteburuan eleganteen eguna ospatu ondoren, pregoia eta txupinazioa bihar izango da, 19:00etan. Herriko adinekoek eta osasun langileek hartuko dute hitza udaletxeko balkoian aurtengo festei ekiteko. Aurretik, 16:00etan, bote, toka eta igel txapelketa jokatuko da jubilatuen egoitzan, eta euria ari badu Urbeltz frontoian, Oin-harriak jubilatuen elkarteak antolatuta.
17:30etik 18:30era, karpan, Gora kasete haur dantzaldia izango da, eta 18:00etan trikipoteo ibiltaria. 19:00etan amaituko da trikipoteoa, udaletxean, jaiei hasiera ofiziala emateko. Buruhandien eta herriko trikitilari gazteen txanda izango da ondoren. Musikarekin amaituko dute ormaiztegiarrek jaietako lehenengo eguna: 23:00etatik 3:00etara, DJ Bull ariko da karpan, Harrikalariak Gazte Asanblada elkarteak antolatuta.
Larunbatean, berriz, mozorroak izango dira nagusi, mozorroen eguna ospatuko baitute. 12:00etatik 15:00etara Jundajo txaranga herrian barrena ibiliko da giroa alaitzen, eta 17:00etan zezentxoak eta poniak egongo dira eskolako zelaian. Ondoren, 18:30etik 21:30era Burrunba elektrotxaranga ibiliko da kaleetan. 20:00etan, mozorro lehiaketako sari banaketa egingo dute karpan. Gaur izango da lehiaketan izena emateko azken eguna. Parte hartu nahi dutenek 688 657 455 zenbakira deitu edo kultura@ormaiztegi.eus helbidera idatzi behar dute. Hiru sari banatuko dituzte, 12-16 urte bitartekoentzat eta 16 urtetik gorakoentzat: giro onenari, mozorrorik orijinalenari eta mozorrorik landuenari. Larunbata Mugi panderoa! erromeriarekin amaituko da, 23:00etatik 03:00etara.
Ander Deuna eguna
Astelehenean haur parkea jarriko dute Zubipe kiroldegian, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Asteartean amaituko dira jaiak, hilaren 30ean, Ander Deunaren egunarekin batera. 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik haur parkea, eta 10:30ean txistularien goiz eresia izango da, Txindata Musika Eskolaren eskutik. 12:00etan Ander Deunaren omenezko meza egingo dute, eta 13:00etan, aldiz, herri-kirol jaialdia, karpan. Ioseba Ostolaza eta Udane Ostolaza harrijasotzaileek eta Ugaitz Mugerza, Jon Irazu, Iñaki Azurmendi eta Iker Vicente aizkolariek hartuko dute parte. Azken horrek Sherpa Ai aizkolari txapelketa irabazi berri du gizonezkoetan. 16:00etan Kolorez jantzia ipuin kontaketa musikatua izango da karpan. 19:00etan emango diote amaiera jaiei, karpan bertan, bi kontzerturekin: Ainhoa Larrañaga abeslariarena eta Triology taldearena.