Banku bat eraikitzeko plastikozko 3.500 tapoi biltzeko deia egin dute
Ekogela proiektuaren barruan egingo dute. Herriko puntu batean jarriko duten birziklatutako tapoiekin egindako bankua. Astelehenetik aurrera hasiko dira tapoien bilketa egiten
Ekogela proiektua aurkeztu du Ordiziako Udalak. Proiektu horren barruan, plastikozko botiletako tapoiak jaso, birziklatu eta produktu berri bat eraikiko dute. Kasu honetan, esertzeko banku bat, ondoren, herriko punturen batean kokatuko dutena. Banku hori sortzeko, 3.500 tapoi behar dituzte. Helburua lortzeko, tapoi bilketa abiarazi du udalak. Ekomodorekin batera jarriko du martxan Ekogela.
Tapoi bilketa astelehenean hasiko da, azaroaren 29an, eta ondorengo tokietan egingo dute bilketa: Barrena Kultur Etxean, Oianguren institutuan, Jakintza Ikastolako bi eraikinetan, Urdaneta ikastetxearen bi eraikinetan, Zuhaizti gizarte zentroan eta Majori kiroldegian.
Europako astea
Europako hondakinen murrizketa astea ospatzen ari da, ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin; azaroaren 20an hasi zen eta azaroaren 28ra arte iraungo du. Ordiziako Udalak ere bat egin du, eta horren baitan kokatzen du aurkeztu berri duen ekimen hau.
Horrez gain, Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordeak gogorarazi duen moduan, Ordizia 2030 Ekintza Planean ere jasota dago, «ingurumenaren zaintza gai estrategikoa» dela. Ekogela proiektua, helburu horien barruan kokatu ditu Alvarezek.
«Helburua ahalik eta hondakin gutxien sortzea bada ere, garrantzitsua da dagoeneko sortuta dagoen hondakinari bigarren erabilera bat ematea. Horregatik Ekomodokoekin eta Ordiziako ikastetxeekin elkarlanean egingo dugun ekintza honetan ekonomia zirkularra izango dugu hizpide», adierazi du Alvarezek. Gehitu du, hori bera, Ordizia 2030 Ekintza Planean ere jasota dagoela hori.