Urolak Luis de Arriba delegatu ohia omenduko du bihar
Urola Kirol Elkarteak kide ohia omenduko du bihar, Arrasateren aurkako partida hasi aurretik. Zozketako txartelen dirua, ekimen solidario batera bideratuko dute.
Urola Kirol Elkarteak hitzordu berezia prestatu du biharko. Ohorezko Mailako mutilen taldeak Arrasateko taldearen aurka jokatuko du 16:00etan eta partida hasi aurretik apirilean hil zen Luis de Arriba bazkidea omenduko dute. De Arriba klubeko delegatua izan zen urte luzetan. Urolaren alde egindako lan guztia eskertuko diote haren alargunari, alabari eta bilobari.
Bestalde, Urolak Endika Altzelairen erronka solidarioarekin bat egitea erabaki du: Argixaoko sarreran saltzen diren zozketako txartelekin lortutako dirua ekimenera bideratuko du.
Ohi denez, txartelak erosten dituztenen artean ATA harategiak emandako produktu sorta bat zozketatuko da. Aste honetako saria berezia izango da, hitzorduaren parekoa.
Urolaren zuzendaritzak larunbatean Argixaora igotzeko deia egiten die Urretxuko eta Zumarragako herritarrei. Urolaren partidaz gozatzeaz gain, omenaldian parte hartzeko eta gaixotasun arraroak dituztenei eta beraien senitartekoei laguntzeko aukera edukiko dute.













