Erosketak egiteko bide berria ireki da Legazpin, takila adimenduarekin
Merkatal ordutegik kanpo erosketak jasotzeko aukera ematen die bezeroei. Herriko merkatariei eta baserritarrei zuzendutako zerbitzua da. Urbeltz pilotalekuaren ondoan instalatu dute
Legazpiko Udalak zerbitzu berri bat jarri du martxan, herriko dendetako eta baserrietako bezeroei zuzenduta. Erosketak edozein ordutan jaso ahal izateko takila edo armairu adimendua instalatu du Urbeltz pilotalekuaren ondoan, eta eguneko 24 ordutan dago erabilgarri, urteko 365 egunetan, dohainik. Erosketak egiteko bide berri bat ireki da horrela herrian.
Zerbitzua joan den asteazkenean aurkeztu zuten Erik Galvez zinegotziak, Ilinti merkatari elkarteko ordezkariek eta armairua instalatu duen Hapiik Intelligent Delivery enpresako teknikariek.
Galvezek azaldu zuenez, zerbitzu hau 2017an Legazpin abiatutako Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezian du jatorria, eta bertan jasotako proposamen bati erantzunez instalatu da armairu adimendua. Merkatariek edo baserritarrek euren salgaiak bertan utzi eta bezeroek egindako erosketa ohiko merkatal ordutegitik kanpo jaso ahal izatea da oinarria. «Garai berrietara eta erosteko ohitura berrietara egokitzea da helburua, jendeak arazoak dituelako denden edo azokaren ordutegiekin».
Ilintiko merkatariak gustura daude eskaini dezaketen zerbitzu berriarekin, Alberto Vesgak jakinarazi zuenez. «Azkenaldian jasotako eskariari erantzuna eman zaio horrela. Geroz eta gehiago eskatzen ari dira ordutegi aldetik disponibilitate handiagoa. Bezeroei zerbitzu hobea ematea da helburua».
Funtzionamendua
Takila hau Hapiik Intelligent Delivery enpresak instalatu du, eta Ian Expositok eman zuen funtzionamenduaren berri.
Zerbitzuari atxikitako merkatari edo baserritar bakoitzak telefono aplikazio bat izango du, erabiltzaile eta pasahitz batekin, eta bertan sartu beharko ditu bezeroak egindako eskariaren datuak. Eskariarekin osatuko duen paketearen tamaina kontuan hartuta, armairuko kaxa bat aukeratuko du ondoren, eta kaxa hori irekitzeko eta paketea bertan uzteko beharko duen kodea jasoko du. Paketea armairuan sartutakoan, bezeroak abisua jasoko du SMS bidez telefonoan, irekitzeko beste kode batekin. Hiru eguneko epean jaso beharko du. Ez da hozkailu bat.
Zerbitzu berri honetan alta emateko, merkatariek eta baserritarrek izena eman behar dute udaletxean.