Pedro Castelo, kalea artearentzat irabazten
Lazkaoko artistak 'Paralelo konbergentea' erakusketa jarriko du kalean, datorren astean. Kultur etxeko iraunkorrarekin osagarri, lekuz mugituko ditu piezak. Askotariko pertsonaiak eta egoerak jarriko ditu.
Ezinezkoaren alegoria izenburutik hasi eta kalera aterako du Pedro Castelo Peito artistak, Lazkaon. Paralelo konbergentea, kontraesan beteko kontzeptua, erakusketa ibiltari, mugikor eta aldi baterako bihurtuko du, Lazkaoko kultur etxean eta kaleetan, abenduaren 6tik 10era.
Duela hilabete pare bat Agauntza errekan sei maniki-bururekin egin zuen sorkuntza Peitok. Zeresana eman zuen uste gabeko eta iragarri gabeko performance hark. Orain, Paralelo konbergentea lanean, pertsonaia askotarikoak toki askotan kokatuko ditu.
«Ekintza-erakusketa bat da, parte batean efimeroa, toki askotan garatuko dena. Piezak auzorik auzo mugitzen joango naiz, ez dira fisikoki leku berean egongo. Horregatik da paralelo konbergentea. Kultur etxeko aretoan bi pieza jarriko ditut, kanpoan egongo direnekin erlazioa dutenak. Barrutik kanporako komunikazioa da», dio Peitok.
Hala, ikusleari lehenbizi kultur etxeko erakusketa-aretora joateko gomendioa egin dio. Ondoren, kalean aurkituko ditu, han eta hemen, pieza osagarri gehiago. «Jendeak beste pertsonaiak aurkitzea da ekintza honen xedea. Askotariko pertsonaiak dira, eta bakoitzak bere kasara ulertuko edo irakurriko ditu. Hori baita interesgarriena; nire nahia ez da ez ikusi behar duten esatea. Batek mina ikusiko du, besteak poza…».
Aldakorra eta mugikorra
Pertsonaia txikiak, koloretsuak eta edozein tokitan aurki daitezkeenak sortu ditu Peitok. Kantarilla-zulotik irteten bat, arbolatik zintzilika beste bat, farolara igotzen hurrena. «Edozein lekutan egon litezke».
Erakusketa jarraitu ahal izateko, herriko plano bat utziko du kultur etxean, bere baitako piezak non dauden markatuta. «Beti zerbait egongo den lekuak adieraziko ditut planoan. Ez du esan nahi beti pieza berbera egongo denik toki horietan; baina beti egongo da zerbait. Gainerakoak sorpresa dira, edozein lekutan ager daitezke».
Pieza txikienak kalean utziko ditu, irauten duten arte, artistak. Handienak gauetan jaso egingo ditu, eta biharamunean beste leku batean jarri. Astelehenetik ostiralera bitartean, hori bai, desagertzen diren pieza txikiak ordezkatuko ditu, antzeko edo beste pertsonaia batzuk ipinita.
Berlinen sortutako ideia
Duela hilabete Berlinen Alex Mendizabal artista lagunarekin egin duen egonaldian otu zitzaion Lazkaoko Paralelo konbergentea jartzeko ideia. Han hiru sorkuntzatxo egin zituen kalean, elementu arruntak arte bihurtuz; suhiltzaileen ur hartuneari begiak jarrita, adibidez, pertsonaia bat bihurtuz. «Gauzak eta formak eginda daude. Artearentzat aurkitzea da gakoa. Bizitza bera bezala, collage erakoa da sorkuntza: pixkatxo bat hemendik, beste pixkat handik hartu, eta sortu».
Bergararra da jaiotzez Peito, eta hango zeramika tailerrean gerturatu zen arte diziplina horretara. Zinema munduan ere lan egina da, dekoratuetako margolari laguntzaile. Artisautzari ere heldu dio. «Azken boladan, arte garaikidea asko interesatzen zait. Ezin naiz geldirik egon, eta gauzak ikertu beharra dauzkat». Artistaren erregaia. Azken fruitua, Lazkaon ikusgai.