Zentroen arteko sarea
Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatutako Patrim+ proiektua bukatu da. Pirinioetako landa-ondare zentroek hartu dute parte, tartean Igartubeiti Baserri Museoak
Amaitu da Pirinioetako landa-ondare eta berrikuntza zentroen eta museoen arteko sarea finkatzeko helburuz sortutako Patrim+ proiektua. Interreg POCTEFA programaren barruan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatu du Patrim+ proiektuaren %65. Epe ertainean, sarearen xedea «lurralde-elkarte egonkorra» sustatzea izan dela adierazi du Igartubeiti Baserri Museoak. 11 bazkide izan ditu proiektuak, eta Igartubeiti izan da horietako bat.
Euskal Herrikoez gain, Frantziako, Aragoiko, Kataluniako, Hautes-Pyrenees-eko, Ariege-ko eta Haute-Garonneko zentroak bildu ditu: Communaute de Communes Couserans-Pyrenees-ek, Plana de Huesca eskualdeak, Somontano de Barbastro eskualdeak, Ayerbeko Udalak, Grauseko Udalak, Comunne de Beaudéan-ek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Ecomuseo del Valls d’Aneu-k, Musee de l’Aurignacien-ek eta Igartubeiti Baserri Museoak hartu dute parte.
Lankidetza proiektuak garatu dituzte elkarlanean. Pirinioetako mitoei buruzko erakusketa, errealitate areagotuko irtenbideak eta publikoarekin konektatzeko digitalizazio lanak, lan-jardunaldiak, ikerketa-jardunaldiak edota artisten egonaldiak antolatu dituzte 2018an proiektua martxan jarri zutenetik. Tokiko museoetarako kudeaketa eskuliburua ere argitaratu dute. Pyrenoteca Pirinioetako ondareari buruzko baliabideen lehenengo zentro birtuala dabiltza garatzen orain. «Ekimen honen helburua da datuak biltzea eta mundu akademikoan eta tokian bertan egindako ikerketei balioa ematea, unibertsitateen, ikertzaileen eta zentro eta museoen arteko lotura izan daitezen».
Hiru urteko lana
2018tik, 15 jarduera, 20 mintegi eta beste hainbat ekimen artistiko eta kultural egin dituzte Patrim+ proiektuaren bidez. Igartubeiti Baserri Museoari dagokionez, 2019ko egonaldi artistikoaren emaitza Lurraldeak erakusketa izan da. Nathalia Heim artistak, Goierriko 18 emakume oinarri hartuta, ‘Euskal emakumeen kartografia sentibera’ egin zuen. Iaz, ‘Emakume ekintzaileak sagardogintzan’ erakusketa prestatu zuen Igartubeiti Baserri Museoak, familia tailerrak eginez horren bueltan, eta baita Mundua hasi zenean… Pirinioetako mito eta kondairak erakusketa ere. Museoa irisgarriago egiteko teknologia ere erabili dute, tartean, ahots transmisoreak, braille seinaleak edota informazio panelak. Antolatzaileen esanetan, «Patrim tresna baliotsua bihurtu da Pirinioetako ondarea zabaltzeko» eta «baliagarria izan da irisgarritasun teknologiak aztertzeko».