Arrastaka taldeak goi mendian ibiltzeko hastapen ikastaroa antolatu du urtarrilean
Urtarrilaren 12an eta 13an arlo teorikoa landuko dute Beasainen. Urtarrilaren 15ean eta 16an, berriz, Pirinioetan egingo dituzte praktikak. Derrigorrezkoa da mendiko txartela edukitzea
Arrastaka Mendi Taldeak goi mendietan ibiltzen ikasteko hastapen ikastaroarekin ekingo dio 2022ko jardueren egutegiari. Ohi bezala, bi zati izango ditu ikastaroak. Batetik, urtarrilaren 12an eta 13an atal teoriko/praktikoa egingo dute Beasaingo Ehunmilak-Arrastakaren lokalean 19:00-etan. Bestetik, urtarrilaren 15ean eta 16an atal praktikoa landuko dute Pirinioetan.
Saio teoriko/praktikoan jardunaldien aurkezpena egingo da, erabili beharreko tresna ezberdinak ezagutu (kranpoiak, pioleta, botak, arnesak, mosketoiak, sokak, etab) eta goi mendiko oinarrizko segurtasun neurriak ere ikusiko dituzte.
Saio praktikoa, Pirinioetan
Urtarrilaren 15eko eta 16ko saio praktikoan pioletaren eta kranpoien erabilera landuko dituzte, «malda elurtuetan eroriz gero nola gelditu, ainguraketak nola egin eta elurretan nahiz izotzetan nola aseguratu».
Urteko lehen jardunaldia Arrastakarekin irteerak egin ohi dituztenei zuzenduta dago batez ere, «elkarteak neguan egiten dituen irteeretan beharrezkoak diren ezagutzak jasotzeko, baina era honetako ezagutzak izan nahi dituen eta goi-mendia deritzon jarduera polit honetan hasi nahi duen beste edonorentzat ere irekia da».
Antolaketarako bilera
Jarduera honetan parte hartzeko interesatuta daudenek, hilaren 11ean, 19:30ean,Beasaingo Iturriotz kaleko (Urbieta Etxea parean) Ehunmilak-Arrastaka lokalean egingo den bilerara joan beharko dute, irteerako xehetasunak zehazteko eta zalantzak argitzeko. Dena den, informazio gehiagorako mendi taldearen arrastaka.net webgunea kontsulta daiteke edo urtarrilaren 11ko bilera orduan 646 855 620 telefonora deitu.
Mendiko txartela
Arrastakakoek jakinarazi dutenez, gainerako mendi irteeretan bezala, irteera honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da parte hatzaileek mendiko federatu txartela izatea.