Kudeaketa arindu nahia
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak mendien gaineko erabilerak eta aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza aldatu behar du. Hilaren 18ra arte egin dakizkioke ekarpenak.
Goierriko Segura, Idiazabal, Zegama eta Zerain udalerriek, eta Arabako Donemiliagak eta Asparrenak osatzen duten Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrak aldaketa partzial batzuk egiteko proposamena jaso du mendien erabilerak eta aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Aldaketa horiek egin aurretik, aldez aurreko kontsulta publikorako epea zabaldu du, herritarren eta natur eremu horretan interesa duten erakundeen iritziak jasotzeko. Araudiari urtarrilaren 18a bitarte egin dakizkioke ekarpenak, Segurako udaletxera joanez edo Segurako Udaleko posta helbidera idatziz: udala@segura.eus.
Partzuergoaren ordenantzaren jatorrizko testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1995eko irailaren 8an, eta ondoren, haren zenbait artikulu aldatu egin ziren. Araudi horren edukiak honakoak biltzen ditu: mendietan egin daitezkeen aprobetxamenduak, aprobetxamendu bakoitzaren erabileran eta gozamenetan baimendu edo baimendu beharreko intentsitatea, eta aprobetxamendua horien onuradun diren subjektuak.
Egungo araudia zailtasun
Partzuergoaren iritziz, indarrean dagoen araudiak «zailtasunak sortzen» ditu abeltzaintza aprobetxamendurako, larreetarako, eta bordak eta txabolak erabiltzeko baimenak kudeatzerako orduan. «Araudi berriaren helburua da zailtasun horiek arintzea ondasun horien kudeaketa egokia eta proportzionala errazteko, eta ondorioz, ondasun horiek kontserbatzeko eta hobetzeko».
Hori dela eta, Partzuergoak «beharrezkotzat» jotzen du ordenantzaren III. Tituluko (22 eta 25etik 30era bitarteko artikuluak) Abeltzaintza aprobetxamenduaren eta larreen araubide juridikoa aldatzea, bai eta Bordak eta Txabolak erabiltzeari buruzko atala ere (34 eta 35etik 37ra bitarteko artikuluak). Aldaketa horiek «ondasun horien suntsiketa eta narriadura saihesteko» direla dio Partzuergoak.