Arkitektura ikasle amerikarrak bisitan izan dira Legazpin
Lenbur Fundazioko kideek gidatuta, Txillida Lantokia eta Mirandaolako burdinola ezagutzeko aukera izan dute.
Bisita berezia izan zuten atzo Lenbur Fundazioan. Bartzelonan arkitektura ikasten ari den ipar amerikar talde bat Legazpira hurbildu zen Txillida Lantokia eta Mirandaolako burdinola ezagutzera.
Estatu Batuetako hiru unibertsitate desberdinetako ikasleak ziren bisitariak, orain Bartzelonan ikasten ari direnak, eta Legazpiko bisita Euskal Herrian zehar egiten ari diren ikas bidaian kokatzen da. Beste urte batzuetan Holandara edo Madrilera joan ohi izan dira, baina aurten pandemiagatik Euskal Herria aukeratu dute, eta atzo Bilbo eta Iruñea artean egin behar zuten ibilbidean Legazpin gelditzea erabaki zuten, Arantzazu bisitatu eta gero.
Ikasle taldea laguntzen ari zen irakasleak azaldu zuenez, “aurten Euskal Herria aukeratu dugu bere arkitekturagatik, kulturagatik, paisaiagatik, gastronomiagatik… zerrendak ez du amaierarik”. Legazpiko bisitak eta egiten ari diren beste guztiek bidaia “ipuin magiko etengabea” bihurtu dutela ere adierazi zuen, eta Txillida Leku, Haizearen orrazia, Arantzazu eta Oteiza, Mirandaola eta Txillida Lantokia bezalako tokiak ezagutzea “oso aberasgarria da gure ikasleentzat”.














