Ordizia, harrera herria
'Ongi etorri Ordiziara' informazio saioetan parte hartu duten zazpi lagunei ongi etorria eman diete «ordiziar guztiek osatzen duten komunitatera». 32 orduko saioak egin dituzte
Ordiziara iritsi berriak direnei herriaren inguruko informazioa jasotzeko eta inklusiorako urratsa emateko aukera ematen die Ongi etorri Ordiziara egitasmoak; dagoeneko zortzigarrena burutu da. Izan ere, Ordiziako Udalak argi dauka, «Ordizia harrera herria» dela, eta «ordiziar guztiek osatzen duten komunitatera batzen diren pertsona guztiak izango dira ongietorriak».
Atzo udaletxean Adur Ezenarro alkateak sinatutako parte hartze ziurtagiri bana eman zieten Ana Mª Montoya Carpena, Roseline Jacob, Eurice Ogbebor, Kelly Iyasere, Rosario Beatriz Orellana Limaylla eta Lawrence Agbari. 2021ean azaroaren 3tik abenduaren 17ra bitartean, 32 orduko saioak egin zituzten eta %80ko asistentzia izan zuten zazpi lagunek. Modu horretan, «Txertatze txostena behar dutenentzako ez ezik, dagokion erakundean aurkezteko ere oso baliagarria izango da ziurtagiria».
Alkatearen esanetan, «oso pozgarria» da Ordiziara etortzeaz gain, «herriari buruz gehiago jakiteko interesa adierazi» dutela jakitea. Ekitaldian gogoratu diete, Ordizia «harrera herria» dela, «eta horregatik Ordiziak ongi etorria ematen dizue ordiziar guztiok osatzen dugun komunitatera».
Harrera gunea
Hainbat helburu dituzte saioek: Udal Harrera Sarea sendotzea, Ordiziara bizitzera etorri berriei edota denbora bat eramaten dutenei harrera gune bat sortzea eta herrian kokatzeko informazioa eskaintzea, eta baita herriko baliabide, azpiegitura eta dinamiketan murgiltzeko, pertsona bakoitzaren autonomia sustatzea ere. Saio horiei esker herri dinamikan txertatzen laguntzeko zubi-lanak egiten dira.