Mozorroak prest, Inauteriak bertan dira
Ikastetxeetako haurren desfile batzuk bertan behera utzi dituzte. Lintx eta Hartza, Legazpi eta Segurako inauteriak hasteko prest. Gazte asanbladek ere antolatu dituzte festak
Mozorroak Goierrira itzuliko dira asteburu honetan, eta musikaz, dantzaz, festa giroz eta hainbat pertsonaiez lagunduta etorriko dira. Iazko etenaldiaren ondoren, hemen dira Inauteriak, eta herriz herri izango da festa alai eta koloretsu horietaz gozatzeko aukera.
Pandemiak, hala ere, izango du lekua oraindik jai horietan, eta hainbat ekitaldi bertan behera utzi dituzte, beste batzuetan neurri murriztaileak hartu dituzten bitartean.
Haurren desfile eta festak
Herriz herri ikastetxeetako ikasleek Ostiral Mehen egin ohi izan dituzten mozorro desfileak izan dira pandemiak gehien kaltetutakoak. Legazpin ez dute egingo ohiko desfilerik adibidez, eta Domingo Agirren, eskola barruan egingo dituzte emanaldiak burbuila taldeen eta edukieraren balditzetara moldatuta, Haztegi ikastolako ikasle talde batzuek festa kalean ospatuko duten bitartean. Beasainen, bestalde, La Salle ikastetxeak ere ez du kaleratuko urteroko Izartxo konpartsa, eta ikasleek patioetan egingo dituzte emanaldiak egun osoan zehar. Ormaiztegin ere moldatu egin dute ohiko egitaraua, eta kalean ospatu beharrean, kiroldegian egingo dute festa.
Beste herri batzuetan, ordea, desfileak egitea erabaki dute, eta eguraldiak laguntzen badu, Urretxu-Zumarragako eta Zaldibiako ikasleak adibidez, kalera aterako dira.
Inauterietako pertsonaiak
Goierriko Inauterietan faltako ez direnak bi pertsonai ezagun izango dira: Legazpiko Lintx eta Segurako Hartza.
Lintx ostiralean 17:30ean iritsiko da herrira katamaloez lagunduta, inauterien hasiera iragartzeko, eta igandean alde egingo du, festak agurtuz. Sustraiak dantza taldeak inauteri konpartsaren baitan 1989an sortutako pertsonaia da Lintx, 2011n hezur haragizko bihurtutakoa.
Hartza, berriz, Errementari ingurura iritsiko da Aizkorritik 18:30ean, eta handik abiatuta herrian zehar ibiliko da hartzazainak eta uxatzaileek, txistulariek, trikitilariek eta dantzariek lagunduta. Seguran gerra aurretik egiten zen festa da, eta urte askotako etenaldiaren ondoren, 2003an berreskuratu zuten.
Hiru dantza konpartsa
Konpartsak ere Inauterietako ezinbesteko osagaiak dira, eta Goierrin hiru izango dira asteburuan: larunbatean Beasainen eta Urretxun, eta igandean Legazpin.
Beasainen, inaute larunbateko dantza desfile herrikoia kaleratuko du Ostadar dantza taldeak 10:30ean Oriamendi kaletik irtenda. Euskal Herriko hainbat lekutan festa hauetan ikus eta dantza daitezkeen dantza herrikoiak eskainiko dituzte, musikariz, Aurtzaka taldeko dantzariz eta plaza dantzen ikastaroko kidez lagunduta. Ohi bezala, aurten ez dute herritarren artean deialdia egin desfilean parte hartzeko, eta eguerdiko bazkari herrikoia eta arratsaldeko erromeria ez dituzte egingo.
Urretxuko konpartsa, berriz, Lurra dantza taldearen ardura da. Erdigunetik 09:00etan abiatuta, baserriz baserri ibiliko dira larunbat goiz osoan zehar, aurten Erriberriko (Nafarroa) inauteriko dantzak erakutsiz.
Igandean, Lantzeko (Nafarroa) inauteriko konpartsa kaleratuko du Legazpin Sustraiak dantza taldeak, hainbat herritarrekin batera. Eguerdi eta arratsaldean desfileak eta dantza saioak egingo dituzte, eta 19:00etan amaituko dute saioa Euskal Herria plazan, Lintx panpina errez inauteriei amaiera emanez.
Gazteen ekimenak
Eta Inauteria eta festa elkartuta daudenez, gazteak ere tartean izan behar. Gazte asanbladek eta gazte elkarteek ospatuko dituzte Inauteriak, Lazkaon eta Legorretan hurrengo astean egingo badute ere. Legazpin larunbat honetan izango da festa, eta musikarik ez da faltako.
Legazpiko merkatariak ere inauterizaleak dira
Merkatariek ere badute inauteriei keinu bat egiteko ohitura, eta aurten ere denda askotako erakusleihoak jantziko dira mozorroz eta kolorez. Horixe da Legazpiko Ilinti elkarteko bazkideen kasua, Inauteriei begira kanpaina berri bat jarri dutelako martxan.
Hala, bihartik aurrera Garagunean egindako mozorroak erakutsiko dituzte dendetako erakusleihoetan eta argazki lehiaketa ere jarriko dute martxan. Sare sozialetan egingo da lehiaketa, eta dendetan, parrokian eta Laubiden dauden kanpainaren kartelen aurrean mozorrotuta argazki bat atera eta partekatu egin behar da. 50 euroko eta 100 euroko sariak izango dira.