Ipuinak kontatzen erakutsiko die liburutegiak haurrei
Legazpiko LHko 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako jarduera da. Amaia Elizagoien ipuin kontalariak gidatuko ditu saioak.

Amaia Elizagoien ipuin kontalaria
Udal Liburutegiak ipuinak kontatzen erakutsiko die Legazpiko LH-ko 5. eta 6. mailako ikasleei, astelehenean, hilak 7, martxan jarriko duen ekimenarekin. Amaia Elizagoien ipuin kontalariak gidatuko ditu ikasleei zuzendutako saioak. Zortzi izango dira guztira, eskola orduetan, martxoaren 7an, 9an, 15ean eta 16an. Datorren astean LH-5eko ikasleak arituko dira, eta hurrengoan LH-6koak.
Liburutegiko arduradunek diotenez, “ipuinak tresna paregabea dira haurren irudimena, sormena eta hizkuntza gaitasuna akuilatzeko”, eta prestatu dituzten tailer horietan, “ipuinekin gozatu eta publiko aurrean adierazteko” zenbait teknika landuko dituzte jolasen bitartez. Hainbat helburu jorratuko dituzte, gainera: ipuin kontaketarekin gozatzea, ahozko kontaketa erdigunera ekartzea, ipuin kontaketa aberasteko baliabide eta teknika batzuk ezagutaraztea, ipuina ikaslearen iruditegira hurbiltzea eta komunikatzeko estrategiak garatzea.
u













