Lenbur Fundazioa, bisitariak hartzeko prest
Azken bi urteak «oso gogorrak» izan dira Legazpin turismoa kudeatzen duen erakundearentzat. Aro berriari begira, Fabrika ireki dute eta Burdinaren museoko bisita berrontalatu dute
Ordiziako Goiztiri AEK euskaltegiko ikasleak eta irakasleak eta Hitzaro euskara elkarteko kideak, Goierri bertakoak izan dira azken egunetan Legazpira iritsitako bisitarietako batzuk. Lenbur Fundazioko Olatz Condek eta Birjinia Etxeberriak gidatuta, Txillida Lantokia eta ondoan industrializazioari eskainitako Fabrika, eta 1950eko hamarkadako eskola ezagutu zituzten joan den asteko ostiralean. Bi guneen arteko bidean, taldeko argazkia atera zuten Agirre-etxeberri parkean, Patrizio Etxeberriaren etxe zaharraren aurrealdean.
Beste leku askotan bezala, Legazpin ere hasi da turismoaren alorra berpizten pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren. Geroz eta ugariagoak dira herriko altxorrak ezagutzera iristen diren bisitariak, eta Lenbur prest dago guztiei harrera egiteko.
Fabrika gunea
Azken bi urteak «oso gogorrak» izan dira Lenburrentzat, Olatz Condek aitortu duenez. Pandemia aurreko urtean 30.300 bisita jaso zituzten, eta erreserbaz gainezka zuten 2020an 5.600 bakarrik. Iaz 14.700 izan zituzten.
Diru sarrera gutxirekin eta langileetako batzuei ABEE irekita igaro dute epe hori, «baina ez gara geldirik egon. Bisitak egon ez diren arren, beste lan batzuk egiten aritu gara, eta berrikuntzekin gatoz».
Alde batetik, Txillida Lantokiaren ondoan Fabrika deituriko gunea ireki berri dute, «Euskal Herriko industrializazioa kontatzen duena», zehaztu du Condek. Bestetik, Mirandaolan dagoen Euskal Burdinaren Museoaren bisita berrantolatu dute, eta «pista joko edo scape room baten bidez erakutsiko dugu aurrerantzean, batez ere ikasle taldeak eta familiak kontuan hartuta».
Ibilbide didaktikoa
Aurten, bisitak Legazpira itzultzen hasi dira, eta «oso pozik jarri ginen erreserbak egiteko jendea deika hasi zenean», dio Lenburreko kideak. Agenda betetzen ari dira poliki-poliki, eta «gogoz gaude, gauza berriak erakusteko ilusioarekin eta azken hilabeteetako egoerari buelta emateko prest».
Ikastetxeak eta jubilatu taldeak iristen hasi dira, eta urteroko plangintzarekin hasiko dira laster, asteburuetako bisitei begira. Horrela, hilaren 27an Mirandaolako burdinola, Txillida Lantokia, Fabrika eta Igeralde errota irekiko dituzte, eta Aste Santutik aurrera burdinola martxan ikusteko aukera ere izango da.
Lenburrek kudeatzen dituen altxor guzti horiek XVI. mendetik gaur egunera arteko euskal historia ezagutzeko aukera ematen dute. «Ibilbide didaktiko paregabea egin daiteke Legazpin, ikastetxeentzat oso egokia».













