150 partaide inguru Beasaingo Herri Lasterketan
Beasaingo XII. Herri Lasterketa ospatu dute gaur goizean. Lasterketa mistoan, Garikoitz Bravok eta Maite Arraizak osatutako bikotea nagusitu da; gizonezkoetan, David Martin; eta emakumezkoetan, Nerea Etxeberria.
Giro bikainean osatu ahal izan dute lasterkariek Beasaingo XII. Herri Lasterketa. Jende ugari bildu da udaletxearen azpian hasi eta amaitu den ibilbidean zehar. Beste urte betez, 11 kilometroko lasterketaz gainera, 5,5 kilometroko lasterketa mistoa ere antolatu du Bealak Beasaingo korrikalari taldeak.
10:30ean atera dira lasterketa luzekoak eta minutu batzuk beranduago mistokoak. Guztira, 150 partaide inguru elkartu dira Beasaingo kaleetan: 35 bikote misto eta 77 banakako korrikalari iritsi dira helmugara. Lasterketa mistoan, Maite Arraizak eta Garikoitz Bravo lazkaotarrak osatutako bikoteak lortu du garaipena. 20 minutu eta erdi behar izan dituzte ibilbidea osatzeko eta errekor berria jarri dute. Bigarren, Maite Beregaña eta Carlos Gerendian nafarrak iritsi dira eta, hirugarren, Maria eta Julen Ezpeleta beasaindarrak.
Lasterketa luzean, 11 kilometrokoan, David Martin lazkaotarra izan da azkarrena. “Gustura” geratu da “herri alboko” lasterketa irabazita. “Duela hiru aste, Sevillako maratoian parte hartu nuen eta, pixka bat mantenduta, ondo iritsi naiz”, adierazi du garaileak. Bigarren postua Jokin Sudupe azkoitiarrak eskuratu du eta Jose Antonio Blanco Txuri ordiziarra hirugarrena izan da. Laugarren eta lehen beasaindarra Beñat Iturrioz izan da eta bosgarren postua lortu du David Cid lazkaotarrak.
Emakumezkoetan, Nerea Etxeberria azpeitiarrak hasiera-hasieratik egin du alde eta, nagusitasun osoz, eskuratu du garaipena Elgetako Argider Txurrukaren aurretik. Hirugarren postuan nor iritsi den jakitea zailagoa izan da. eskutik helduta helmugaratu dira Amaia Leunda lazkaotarra eta Ainhoa Larrea beasaindarra. Podiumera ere biak batera igo dira. Bosgarren postuan Garazi Aranburu beasaindarra iritsi da.
Sailkapenak:
Lasterketa mistoa (5,5 kilometro):
- Maite Arraiza eta Garikoitz Bravo 0:20:31
- Maite Beregaña eta Carlos Gerendiain 0:22:00
- Maria Ezpeleta eta Julen Ezpeleta 0:23:06
- Haritz Zubillaga eta Lorea Zurriarain 0:23:19
- Ainhoa Amat eta Mikel Zabalo 0:24:18
Gizonezkoak (11 kilometro):
- David Martin (Lazkao) 0:37:34
- jokin Sudupe (Azkoitia) 0:38:14
- Jose Antonio Blanco (Ordizia) 0:38:34
- Beñat iturrioz (Beasain) 0:38:51
- David Cid (Lazkao) 0:38:55
Emakumezkoak (11 kilometro):
- Nerea Etxeberria (Azpeitia) 0:47:07
- Argider txurruka (Elgeta) 0:49:34
- Amaia leunda (Lazkao) 0:50:21
- Ainhoa Larrea (Beasain) 0:50:21
- Garazi Aranburu (Beasain) 0:51:45