Legazpiko idazleen klubak kide berri bat du, laster 13 urte beteko dituen Oier Nuñez Garcia. Mutiko batek udako oporretan bizi izandako abenturak kontatzen dituen liburua argitaratu berri du.

Legazpiarra da eta laster 13 urte beteko ditu. Olazabal institutuan dabil ikasten, DBHko lehen mailan. Gaztelania eta Geografia dira gehien gustatzen zaizkion gaiak. Futbolzalea da, eta Ilintxan jokatzen du, kadete mailako taldeko atezain gisa. Nintendo Switch-eko jokoak ere gustuko ditu, eta lagun mordoa ditu. Oier Nuñez Garcia bere adineko beste gazteak bezalakoa da, baina badu berezitasun bat, idaztea gustuko du eta liburu bat argitaratu du orain dela gutxi.
Un verano increible du izenburua liburuak (Sekulako uda), eta mutil gazte batek udako oporretan eskolara itzuli aurreko egunetan bizi izandako abenturak kontatzen ditu. Abentura asko, batzuk berari gertatutakoak, beste batzuk, asmatutakoak.
Eskolatik sortutako afizioa
Domingo Agirre eskolan Lehen Hezkuntzako laugarren mailan hasi zen idazten Oier, idazlanak. Gogoan du Neil Amstrong ilargira nola iritsi zen kontatuz idatzi zuena: irakasleei asko gustatu zitzaien, eta eskolako beste gela batzuetatik gonbidatu zuten lan hura irakurtzeko. Gero, etxean jarraitu zuen bere kasa, eta bere ama Nereak dioenez, «koadernoak eta koadernoak eta koadernoak» idatzi zituen. Edozein gai zen ona mutikoaren imajinazioa pizteko: pertsonaia ezagunen biografiak, pelikula bat, telebistako albisteak… Kontakizun ugari idatzi ditu, asko eta asko marrazkiez lagunduta.
Oierrek aitortzen duenez, gaztelaniaz idazten du, «erosogo sentintzen naizelako», eta irakurtzea ere, nahiago du gaztelaniaz. Oso gustuko ditu Cesar Mallorqui eta Jordi Serra i Fabra, baina «nire betiko idazle gogokoena Julio Verne izan da».
Liburua argitaratzea
Hain txikia zela piztu zitzaion idazteko grinak urrats bat aurrera egin du duela gutxi, Oierren familiak kontakizun haietako bat argitaratzea erabaki zuenean. Mutikoak 11 urte zituela idatzitakoa da, baina COVID-19a tartean, prozesua asko luzatu zaie, eta azkenik urte hasieran atera dute kalera. Luxuzko kolaboratzaile bat izan dute, gainera, Oscar Cadiernok —Oierren osaba da— azala egin dielako.
Liburua 10 euroan dago salgai Legazpiko Eder lentzerian, eta denak oso gustura daude emaitzarekin, batez ere Oier.
Eta orain zer? «Gehiago idazten ari naiz», erantzuten du Oierrek, baina ez du ezer aurreratu nahi.