Abenduaren 10etik itxita dago mendatea, eta Legazpitik Oñatira eta alderantziz joateko, Deskargatik ibili behar izan dute ibilgailuek. Ostiralean 13:00etan irekiko dute errepideko errei bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ostiral honetan, martxoaren 18an, behin-behineko errei bat zabalduko dute Legazpi eta Oñati lotzen dituen GI-2630 errepidean, Udanako mendatean. Bidea 13:00etan irekiko dute.
Udanako errepidea itxita egon da hiru hilabete baino gehiagoz, iazko urte amaieran izandako euriteen ondorioz jasandako kalteak konpontzeko. Abenduaren 10ean, 50 metro luzeko eustorma bat erori zen 9,930 eta 9,980 kilometro puntuen artean, eta ibilgailuen zirkulazioa eten egin behar izan zuten, errepidea itxiz. Orduz gero, Deskargatik ibili behar izan dute ibilgailuek Legazpitik Oñatirako eta alderantzizko bidea egiteko.
Aldundiaren oharrak jasotzen duenez, “urtarrilean horma egonkortzeko larrialdiko obrak hasi zirenetik, lanek nabarmen egin dute aurrera”, eta apirilaren erdialderako amaituta egotea aurreikusi dute.