Sorgintxulo kuadrilla, Legazpiko haurrak eta gazteak astintzeko prest
Bi urteko etenaren ondoren, indartsu ekin diote urteari. Ekintza ugari prestatu dituzte martxan jarri direnetik. Udan kanpaldia egingo dute Soriako Talveilan, 61 partaiderekin
Legazpiko haurrek eta gazteek aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera ugari dituzte aspaldiko partez. Derrigorrezko geldialdiaren ondoren, Sorgintxulok indartsu hasi du urtea. Duela hilabete, talde bat izotzaren gainean patinatzera eraman zuen, eta gero, Kultur Etxean elkartu zuen beste bat, joko saioa egiteko. Datozen asteetarako ere hainbat ekintza antolatu ditu, eta udako kanpaldia prestatzen hasi da.
Pandemiak bi urtez geldirik egotera derrigortu du elkartea, eta iazko udan aurrera eramandako ekintzaren bat edo beste kenduta, ez dute ezer egiterik izan. Osasun egoerak hala aginduta, alde batetik, eta egiteko dirurik ez zutelako, bestetik. Izan ere, 2020an ez zuten diru laguntzarik jaso udaletik, eta iazkoa, ekintzak egitera bideratu beharrean, kanpaldiko materiala berritzeko erabili zuten.
Borondatezko lana
Sorgintxuloren inguruan 40tik gora gazte edo begirale biltzen dira, 18 eta 25 urte bitartekoak, eta gehienek aisialdiaren munduan lan egiteko prestakuntza dute. Iker Blazquez eta Maider Jimenez dira horietako bi, eta besteek bezala, gogoz ekin diote urteari: «Posible izan denean, martxan jarri gara».
Borondatezko lana egiten dute, irabazi asmorik gabeko aisialdi taldea delako, eta helburu zehatzak dituzte: «Herriari bizi pixka bat ematea, eta bi ikastetxeen arteko desberdintasunak baztertzea. Horretarako baliagarria da umeak txikitatik elkar ezagutzea eta harremanak izatea ekintzen bidez. Hori guztia, euskaraz egiten dugu».
Blazquez, 25 urterekin, Sorgintxuloko beteranoetako bat da, eta aspalditik dabil elkartean nahastuta. «Kanpaldira joan nintzen 15 urte nituela, begirale bezala ari zen lehengusu batek bultzatuta, eta oso ondo pasa nuen. Hurrengo urtean berriz joan nintzen. Ordutik, ia urteroko ohitura bihurtu dut kanpaldiarena, baina azken urteetan begirale gisa joan naiz».
Sorgintxulorena beste kuadrilla bat dela dio Blazquezek, «oso polita da taldeko parte izatea». Iritzi berekoa da Jimenez. Gazteagoa da —20 urte egingo ditu— eta denbora gutxiago darama kuadrilla horretan. «DBH3n nenbilela Aste Santuko irteerara joan nintzen, eta DBH4n, kanpaldira, aurretik egondako lagunekin. Oso ondo pasa nuen, eta begiraleekin ere oso gustura egon nintzen. Orduan erabaki nuen hain ondo pasa banuen, besteei esperientzia hori emateko nire ekarpena egingo nuela, eta horregatik sartu nintzen taldean».
Agenda beteta udara arte
Agenda bete-betea dute Sorgintxulokoek hemendik udara arte. Bihar, LH 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleentzako gyncana saioa egingo dute plazan 17:30ean. Hurrengo asteburuan, Lakiolako aterpera joango dira, DBH1 eta DBH2ko ikasleekin. Apirilaren 19tik 21era Nafarroako Arantzara joango dira egun batzuk pasatzera, DBHko ikasleekin.
Gero, Sorgintxuloren ekintza nagusia etorriko da, kanpaldia. Soriako Talveilan izango da aurten. DBHko 61 ikaslek eman dute izena dagoeneko, ekintza horrek Legazpin duen izen onak eta aurretik egon direnen erreferentziak bultzatuta.
Telleriarteko eta Brinkolako festak, eta Ilintirekin eta Gaztetxearekin egingo dituzten beste ekintza txiki batzuk ere aurreikusita dituzte uda arteko agendan. Irailean ikasturte berria hasiko dute.













