Goierriko Pentsiodunak kexu dira banketxeek ematen duten zerbitzuagatik
Pentsiodunen mugimenduak salatu du banketxeen zerbitzuetara jotzeko arazo larriak dituztela adineko pertsonek. Egoera irauli nahi dute erakunde publikoen babesarekin
Martxoko ohiko osoko bilkura egingo dute gaur, 18:00etatik aurrera, Ordiziako udaletxean. Gai zerrenda luzea izango dute, tartean Goierriko Pentsiodunen mozioa. Izan ere, pentsiodunen mugimenduak «kezka» agertu du azken hilabeteetan, «banku zerbitzuetara jotzeko aurkitzen ari diren arazo larriengatik». Salatu dute «herritarrei ematen zaien aurrez aurreko arretan murrizketak» izan direla, «hainbat bulego itxi» egin dituztela, «eta zabalik dauden horietan, ordutegiak murriztu» dituztela. Bestalde, zerbitzuen digitalizaziora eman duten urratsa, teknologiekin abileziarik ez duenarentzat «oztopo handi bat» dela uste dute, «batez ere, adineko pertsonei eragiten» dielarik. Goierriko Pentsiodunek bezero bezala dituzten eskubideak urratzen direla, eta udalari hainbat konpromiso hartzeko eskaera egin diote.
Batetik, Ordizian dauden banketxe guztiei «aurrez aurreko zerbitzua bermatuko duen leihatila bat» izan dezatela, «herritar guztiei zerbitzua emateko» eta 65 urtetik gorakoei lehentasuna ematea ere eskatu dute.
Bestetik, entitate bakoitzean ahalik eta edukiera handieneko itxarongela bat gaitzea, orain bezala ilara egiten den momentuetan, jendeak kale gorrian zain egon behar ez izateko.
Oinarrizko ordainketa-kontuak arautzen dituen indarreko araudia kontuan hartuta, lehenengo mailan hileko komisioa ordainduta, eta finantza-egoera ahulean edo bazterketa egoeran dauden kolektiboei zuzendutako doakotasuneko 2. mailan, aukera hori zabaltzea, eta eskatzen duenari aurkeztu beharreko dokumentazioaren eskakizuna sinplifikatzea eskatzen dute.
Aldi berean, udal mugartean dauden banku erakunde guztiei eskatzea, 65 urtetik gorako pertsonei, hala eskatzen badute, doako zordunketa txartelak ematea, inolako komisiorik gabe, erabilera mugen inolako ordainketarik gabe, saldo jakinaren eskakizunik gabe, erabiltzeko gutxieneko zenbatekorik gabe, edo antzeko produktuak eduki gabe.
Eskatzen diete baita ere, bankuen funtzio pribatu eta publikoak argi eta garbi bereizteko eta azken horien doakotasuna edo, bestela, gutxieneko komisio bat ezartzeko.
Banka publikoa osa dezatela, zeinak gehien duenari gehiago kobratuko dion.
Beste udal batzuetan ere
Pentsiodunen mugimenduaren mozio hau beste udal batzuetan ere eztabaidatu dute. Zumarragan, ez zuten onartu. Izan ere, partidu sozialistak, udalbatzan gehiengoa duenak, testuarekin bat zetorrela esan zuen baina kontrako bozka eman zuen.
Beasainen ere, gaur arratsaldean eztabaidatuko dute gaia. 19:00etan hasiko da osoko bilkura.













