Idiazabalen %9,6 igo da euskararen erabilera orokorra
Erabilera orokorra eta hiztunen perfilak izan dituzte aztergai. 2014ko behaketarekin alderatuta, %9,6 igo da euskararen erabilera orokorra Idiazabalen, eta era berean, gazteleraren erabilera %9,4 jaitsi da.
Hizkuntzen kale erabileraren neurketaren emaitzak argitaratu ditu UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. 2014an egin zuen hizkuntzen kale erabilera aztertzeko azken behaketa. UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak prestatutako ereduan oinarrituta, 16 orduz erreparatu diote hizkuntzen kale erabilerari Idiazabalen. Aste osoz egin da neurketa hamasei egunez, egunero ordubete. Herriko erdigunean eta jendea ibili ohi den lekuetan egin dute neurketa batik bat.
Erabilera orokorra eta hiztunen perfilak izan dituzte aztergai. 2014ko behaketarekin alderatuta, %9,6 igo da euskararen erabilera orokorra Idiazabalen, eta era berean, gazteleraren erabilera %9,4 jaitsi da. Beste hizkuntzena, aldiz, %0,2 jaitsi da. Hiztunen profilak ere zehaztu dituzte. Sexuari dagokionez,antzerakoa da, baina emakumeek 3,9 puntu gehiago egiten dute euskaraz, eta gaztelania eta beste hizkuntzak gizonen artean gehiago erabiltzen dira.
Adinaren araberako erabilerari dagokionez, talde guztietan igo da euskararen erabilera, baina gazteen eta haurren artean du presentzia gehien euskarak. Gazteen %89,7ak erabiltzen du euskara neurketaren arabera, eta haurren %85,7ak. Adinekoen eta heldu nagusien taldeetan euskara gutxiago eta gaztelera gehiago erabiltzen dela ondorioztatu dute.












