Liburuaren Eguneko ospakizunak ez du etenik Goierriko liburutegietan
Beasainen 32. Idazlehiaketako sariak banatu dituzte. Idiazabalen Josu Baez gogoratuko dute. Legazpin, Urretxun eta Zumarragan, idazleak eta ipuin kontalariak daude gonbidatuta.
Apirilaren 23a joan da, baina literaturari eta irakurzaletasunari gorazarre egin nahi dion Liburuaren Nazioarteko Egun horrek ekitaldi andana utzi du Goierrin aste honetarako. Legazpin, Urretxun, Zumarragan eta Idiazabalen bada oraindik zer egin Liburuaren Eguna ospatzeko.
Beasainen, aldiz, apirilaren 23an bertan, larunbatean, egin zuten ospakizun nagusia, Beasain Idazlehiaketaren 32. edizioko sariak banatuta. Urtero bezala, lehiaketa arrakastatsua izan da, 183 lan aurkeztu direlako guztira: 141 prosa, 15 poesia eta 27 bestelakoak.
Josu Baez gogoratuz
Idiazabalen duela gutxi hil den Josu Baez idazlea gogoratuz hasi zuten ostiralean, hilak 22, liburu egunaren inguruko egitaraua. Herriko poeta horren lanak liburutegian daude, edonoren eskura. Baez gogoratuko dute berriz irakurle taldeko kideek maiatzaren 23ko saioan, haren Zizelatze isila liburua irakurriz.
Ekintza gehiago ere izango dira, eta bihar asteazkena, Zuahara. Itsasoaren deia ipuin kontaketa ilustratuaz gozatzeko aukera izango dute eskolan LH5 eta 6ko ikasleek, Amaia Telleria eta Laida Ruizen eskutik. Ostegunean, berriz, Kolorez jantzia ipuin kontaketa izango dute haurrek 18:00etan plazako karpan. Eta ostiralean, liburuak zozkatuko dituzte liburutegian. Ostegunean eta ostiralean, gainera, Hiru gara baina niri bost! liburua ezagutzeko egitasmoa landuko dute Enara Garmendiarekin eskolan.
Legazpin, idazleak
Legazpiko Udal Liburutegian tradizio handia du Liburuaren Egunaren ospakizunak, eta aurreko urteetan bezala, aurten ere idazleak dira antolatutako ekitaldien protagonista nagusiak.
Hilaren hasieran Batxilergoko ikasleekin egon zen Joan Kruz Igerabide da idazle horietako bat, eta Jasone Osoro eta Itziar Ugarte beste biak. Osoro ostegunean izango da DBHko ikasleekin, Eskularru beltzak liburuaz solasean, eta egun berean, Ugarte euskarazko irakurketa taldearen saiora gonbidatuko dute, 18:30ean, Miriam Lukik gidatuta Gu gabe liburuaz jarduteko. Bihar gaztelerazko taldea elkartuko da Monika Leivarekin, La formula preferida del profesor liburua aztertzeko.
Urretxun, ipuinak kontatuz
Zumarragan ere idazle bat gonbidatu dute, eta gaur 19:00etan Ander Garro izango da liburutegian, literatur taldeko kideekin Faith liburuaz hitz egiteko. Urretxun, azkenik, ipuin kontaketa aukeratu dute Liburuaren Eguna ospatzeko. Bihar egingo du, 17:00etan, Alberto Bargosek, liburutegian, 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta.