Eduardo Iturrizaga Espainiako xake txapeldunaren aurka jokatzeko aukera izango da Legazpin larunbatean
Santikutz Xake Elkarteak gonbidatu du. Bihar Latxartegin 19:00etan proiektatuko den 'El caso Fischer' pelikula amaitzean solasaldia egingo du bertaratutakoekin, eta larunbatean aldibereko partidak jokatuko ditu nahi duenarekin.
Xake jokalariek luxuzko aurkaria izango dute larunbat goizean Legazpin, Santikutz xake elkarteak gonbidatuta, Eduardo Iturrizaga Espainiako txapelduna izango baita bertan nahi duenarekin aldibereko partidak jokatzen. Hitzordua 10:00etan izango da Euskal Herria plazan. Iturrizagaren aurka jokatu nahi duenak izena eman behar du aldez aurretik, eta 10 euro ordaindu: santikutz.x@gmail.com helbidean edo 627 342 158 telefono zenbakian. Plazak 40 dira.
Iturrizaga bihar iritsiko da Legazpira, eta xake elkarteak eta udal agintariek harrera ekitaldi bat eskainiko diote 13:30ean udaletxean. Arratsaldean, zine klub saioan egongo da. 19:00etan El caso Fischer proiektatuko dute Latxartegi aretoan, eta ondoren solasean arituko da bertaratzen direnekin. Zine saioa Santikutz elkarteak antolatu du, Zine Klub Legazpirekin batera. Sarrera dohainik izango da.