Elizako organoaren dohainak agerian, hiru interprete ezagunen bidez
Igandean hasiko da Legazpiko elizako zortzigarren Organo Zikloa. Hurrengo hiru igandeetan izango dira kontzertuan, doan, 19:00etan hasita. Pol Alvarezena izango da lehen emanaldia
Legazpiko organo zikloaren zortzigarren edizioa igandean hasiko da, eta hiru emanaldi bilduko ditu. Hitzorduak datozen hiru igandeetan izango dira, maiatzaren 15ean, 22an eta 29an, eliza parrokian, 19:00etan. Sarrera dohainik izango da.
Hiru bakarlari ezagun gonbidatu dituzte aurten, hiruak ospe handiko organo jotzaileak: Pol Alvarez, Karol Mossakowski eta Esteban Landart. Atzo eman zuten zikloaren berri parrokian bertan antolatzaileek eta Iñigo Imaz kultura zinegotziak.
Hiru bakarlari entzutetsu
Legazpiko organo erromantikoa oso estimatua da musikarien artean. Aquilino Amezuak egin zuen 1905ean, XVII. mendeko jatorrizko organoaren hainbat elementu berrerabiliz. Musika tresna horren dohainak baliatuz, luxuzko kontzertuak emango dituzte aurtengo zikloko gonbidatuek, Ainhoa Enatarriaga antolatzaileak adierazi zuenez. Enatarriaga bera ere organo jotzailea da, eta ondo ezagutzen du Legazpiko tresna hori.
Pol Alvarez katalanak (Terrasa, 1999) irekiko du zikloa igandean, hilak 15. Alvarez 7 urterekin hasi zen organoa ikasten, eta gradu profesionala ohorezko sariarekin amaitu zuen. Hainbat maisurekin ikasi du gero, eta 14 urterekin hasi zen kontzertuak ematen. Gaur Alemanian dago, eta Stuttgart hiriko Alt Heumaden elizako organo jotzaile titularra da.
Hurrengo igandean, hilak 22, Karol Mossakowski (1990) poloniarraren txanda izango da. Hori 3 urterekin hasi zen pianoa eta organoa ikasten, eta ibilbide oparoa egin du, sari ugari irabazita. Frantziako Lille hiriko katedraleko organo jotzailea da, eta ezaguna da inprobisatzeko duen gaitasunagatik.
Amaitzeko, hilaren 29an Esteban Landart irundarrak joko du. Donostian eta Frantzian organoa ikasia, irakaslea da gaur egun Musikenen eta Baionan.