Bertakoen proba kuttunena
Beasaingo udaletxeko plazatik 23:00etan abiatuko dira ostiralean Goierriko Bi Handiak traileko 515 korrikalariak. Lehenengoak, larunbatean, 09:00ak aldean iritsiko dira.

Goierriko Bi Handiak (G2H) beti izan da etxeko korrikalarien proba kuttuna. Gaueko iluntasunean korrikalarien buruko argiak sortzen duen argitasunak oilo ipurdia sortzen duena. Izen ematea ireki orduko dortsalak agortzen dena. Goierriko bi parke naturalak zeharkatzen dituena, 88 kilometroetan (6.000 metroko desnibel positiboa).
Beasaingo Loinazko San Martin plazan ostiralean, 23:00etan dute hitzordua 515 korrikalariek –485 gizonezkok eta 31 emakumezkok–, eta 22 orduko epe muga izango dute Aralar zeharkatu eta Aizkorri igo ondoren toki berera itzultzeko. Ion Azpirozek 2019an jarritako markaren arabera, 10 orduan, larunbatean 09:00ak aldera iritsiko dira lehenengo korrikalariak. Emakumezkoetan Uxue Frailek du errekorra, 12:11:21an, 2019an hobetua.
Lasterketari gehienak euskal herritarrak izango dira aurten ere, 386 (94 goierritarrak, lau emakumezko). Dena den, aldian-aldian, Euskal Herritik kanpoko korrikalari gehiago erakartzen ditu G2Hk: aurten, atzerritarrak %25 izango dira, Espainiar estatukoak, Portugalgoak, Frantziakoak eta Belgikakoak.
Faboritoen artean, gizonezkoetan Aritz Egea eta Jon Aizpuru goierritarrekin batera, Goar Lopetegi, Tofol Castanyer, Peio Berrizbeitia eta Julen Martinez de Estibariz daude. Eta emakumezkoetan, Amaia Ochoa de Alda, Diana Dunayevska, Patricia Idieder, Carla Junquera, Maria Richter eta Ainhoa Lendinez.
Aritz Egearen lehenengoa
Irteera puntuan lehenengo aldiz izango da ostiralean Aritz Egea goierritarra. Iaz hasi zen lasterketa luzeak egiten, eta «argi neukan lasterketa luzeak egiten hasiko banintz G2H egingo nuela, hiruretan lasterketa erakargarriena» delako . «Ia 90 kilometro dira eta horrek ere pixka bat atzera eragiten du, baina ibilbideari dagokionez behintzat, nik uste dut nabarmen politena dela. Aralarren eta Aizkorrin ibiliko gara, Goierrik duen tokirik politenetatan. Batez ere horrek egiten du erakargarria».
Dena ematera, «karrera oso on bat» egitera doa Egea, «oso ondo sentitzen naizelako aurten». Baina begi bat abuztuko 100 kilometroko UTMBko (Chamonixeko) TCC lasterketan «jarrita» izango du», horixe baitu denboraldiko erronka nagusia.
Aurreikuspenaren arabera, larunbatean, 09:00ak aldean helmugan izatea beharko luke. Baina «ikusiko dugu zer pasatzen den. Esatea egitea baino errazagoa da. Baina hala beharko luke, daukadan sentsazioekin, batez ere tripak aguantatzen badu». Izan ere, «egia da hankak entrenatzea dela errazena, burua zailagoa da. Tripa ere asko entrenatu dut. Iaz ere asko entrenatu nuen baina lasterketa batzuetan komeriak izan nituen tripekin. Aurten sei ordu arteko karrerak egin ditut eta ondo samar sentitu naiz. Baina sei ordutik hamar ordura salto handia dago».
Zailtasunik handiena, gaua
G2Haren erakargarritasun horretan onartzen du, «izugarrizko nagia» ematen diola «gauean hainbeste ordu korrika egin behar izateak. Baina halaxe da. Gaueko 11etan atera eta gauzak ondo, nik 10 ordu bueltan egin beharko nuke. Lasterketaren %70 edo gauez egin beharko nuke». Beraz, Egearentzat «ia ziur» gaua izango da zailtasunik handiena. «Distantzia ez du horrenbeste aldatzen gaua edo eguna izan. Ordu asko dira ilunetan, ez dakit ni nola aterako naizen eta besteak nola aterako diren. Baina suposatzen dut ordu asko bakarrik edo bakarrik samar egin beharko ditudala. Psikologikoki uste dut karrera gogorra izango dela». Eta jakina, eguraldiaren faktorea garrantzitsua izango da: «Ea eguraldi ona egiten duen eta gozatzeko modua daukagun».
Jon Aizpururen itzulera
Azkeneko Ehunmilak probaren irabazlea ere, Jon Aizpuru beasaindarra, G2Hko irteeran izango da ostiralean. Abuztuan Chamonixen egingo duen Montblanc-eko ultra-trailerako (168 km) entrenamendu egokiagoa iruditzen zaiolako aukeratu du aurten proba ertaina. «Bi lasterketen artean dagoen tartea justu samarra iruditzen zitzaidanez, nahiago izan dut aurten EHMko festa aukeratu beharrean, G2Hkoa aukeratzea. Errekuperazioa azkarragoa izango delakoan». Beasaindarra bere korrika ibilbideko hastapenetara itzuliko da beraz. «Nire lehen Ehunmiletako esperientzia 2013an izan zen, G2Ha, lasterketa ordubete beranduago atera zen urtean. 00:00etan atera eta 14:30ak aldera iritsi nintzen etxera. Engantxatu egin ninduen. 2014an ez nuen parte hartu, baina 2015etik aurrera EHMetan lehiatu naiz. 9 urteren ondoren, oraindik ere hor jarraitzen dut».
Aizpuruk «ahalik eta aurreen ibiltzea» jarri dio helburua bere buruari. «Jakitun naiz beste korrikalari batzuk ere badaudela, baina ni nirea egitera irtengo naiz. EHMko erreferentzia batzuk hartu ditut, eta ikusten dut hobetzeko aukera izango dudala. Izan ere, ez da berdina 100 kilometro eginda Larraizko langatik gora abiatzea, edo 20 kilometro eginda abiatzea».
Ion Azpirozen 10 orduko marka hobetzea zaila ikusten du. «Nik ez dut nire burua denbora hori hobetzen ikusten. Denbora horretan ibiltzeko oso-oso azkar egin behar da korrika. Ez naiz ausartzen esatera denbora hori egingo dudanik».
Eguraldiak zeresana izango duela dio.«Korrika asko egin behar da eta eguraldiak ere lagundu beharra dauka, bai lasterketa egunean eta bai aurretik ere, terrenoa ahalik eta lehorrena egon dadin. Askotan horrek laguntzen du denbora hobeak egiten».
Ikasketarako ere erabiliko du Aizpuruk G2Ha: «Ea minik ez dugun hartzen eta Chamonixerako ikasketak ateratzen ditugun. Oraindik ere asko daukagu hobetzeko».
515
Mendi lasterkari
Lasterketarik etxekoena da, korrikalari gehienak Euskal Herrikoak baitira. 485 gizonezkok eta 31 emakumezkok –41 izan ziren 2019ko edizioan– hartuko dute parte aurten. 94 goierritarrek eman dute izena: gizonezkoak 90 dira eta emakumezkoak lau.
Euskal herritarrak dira gehienak, 386; 360 gizonezko eta 26 emakumezko (2019an 399)–. Gipuzkoakoak dira 230, Bizkaikoak 97, Arabakoak 53 eta 16 Nafarroakoak.
Estatu mailakoak. Espainiako estatutik 126 korrikalari (2019an 108) datoz aurten –122 gizonezko eta 4 emakumezko–. Herrialde Katalanetakoak dira korrikalari gehienak, 68. Madrilgoak 20, Zaragozakoak 8 eta Errioxakoak 6 dira nabarmentzekoenak.
Estatuz kanpokoak. Guztira lau lasterkari izango dira estatutik kanpokoak–hiru gizonezko eta emakumezko bat –. Portugaldik (1), Frantziatik (2) eta Belgikatik (1) dira etortzekoak. 2019an 8k hartu zuten parte.