«Hurrengo epidemia zerena eta noiz izango den ez dakigu»
Hainbat herrialdetan ikasten eta lanean aritu eta gero, Ginean bizi da orain Maider Pagola Ugarte (Legazpi, 1995). Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) elkartearentzat egiten du lan, epidemiologia sailean.
Urte asko daramazu kanpoan.
Bai, unibertsitatean hasi nintzenetik, ia. Bidaiatzea eta beste kultura batzuk ezagutzea asko gustatzen zait, eta leku askotan egon naiz, ikasten eta lanean.
Non zaude orain?
Ginean, Konakri hiriburuan (Afrika). Frantziako kolonia zen 1958ra arte, eta frantsesa hitz egiten den arren, badaude hizkuntza gehiago: malenke, soussou, peu… Baliabide naturalez beteta dagoen herrialdea da, potentzial hidrauliko handia du, urrea, burdina, diamanteak… Baina, tamalez, munduko herrialde pobreenetaritako bat da. Gehienak musulmanak dira, eta kristauak eta animistak ere badaude. Eta politikoki baditu gorabehera batzuk, baina nahiko herrialde lasaia da.
Baina zuk azken kolpe militarra bizi izan zenuen.
Iazko irailaren 1ean iritsi nintzen, eta irailaren 4an egin zuten kolpe militarra. Oso arraroa izan zen, baina dena oso lasaia ere bai. Aurreko presidentea kendu eta gaurkoak hartu zuen boterea, Mamady Doumbouya koronelak, ustez demokraziarako bidean trantsizioa egiteko. Jendeak pozik hartu zuen berria, baina oraindik, egia esan, ez da asko nabaritu aldaketa.
Zer lan egiten duzu Konakrin?
MSF Mugarik Gabeko Medikuak elkartearentzat egiten dut lan, epidemiologia gaietan.
Zu ez zara medikua. Zeintzuk dira zure eginkizunak?
Ez, ez naiz medikua, baina MSF-n lan gehiago ere badaude. Nik bi eginkizun nagusi ditut. Alde batetik, epidemiak sortzeko arriskua duten gaixotasunen zaintza egiten dut, gobernuarekin eta Munduko Osasun Erakundea bezalako beste erakunde batzuekin. Gainera, laguntza ematen dut herrialdean egiten ditugun ikerketetan.
Epidemiologo lanak, beraz.
Bai. Epidemiologo batek egiten duena da gaixotasunen maiztasuna eta banaketa neurtu, hau da, zenbat eta non, eta informazio hori gobernuari eman, gaixotasunak noruntz egin dezakeen, eta zabalkundea mozteko zein oztopo jarri ditzakeen jakin dezan. Ginean, gobernuak identifikatuta dauzka gaixotasun endemiko batzuk, noiz edo noiz epidemiak sortu ditzaketenak. Nik horien jarraipena egiten dut, gobernuaren datuekin, eta guk bertan lortzen ditugun datuekin.
Bulegoan egiten dut lan gehienbat, baina osasun zentroetara ere joaten naiz, eta hori da gehien gustatzen zaidana.
COVIDa izango zen azken epidemia, ala?
Larriagoa izan da elgorriarena, azken bost urteetako larriena, baina COVID-ak estali egin du bere larritasuna, beste hainbat herrialdetan bezala. Astean mila kasu zenbatzera iritsi gara, baina hildakoak ez dira asko izan. Pasa den urtean ebolaren agerraldia ere izan genuen, eta aurten la-ssarena izan dugu.
Orduan COVID-ak ez du eragin handirik izan?
Baina ezin dugu ondo neurtu, ez direlako nahikoa test egiten. Hipotesi asko daude biztanleriaren osasunean eragin ahula azaltzeko. Arraza edo genetika da bat, jendearen adin gazteagoa beste bat, aurretik beste koronabirusen batek immunitatea eraginda izatea… Ez dago ezer argi.
Nola dago han egoera?
Ginean ere neurriak jarri zituzten, maskararen erabilera bezala, baina ez ziren denak betetzen, Europarekin alderatuta hango egunerokoa oso desberdina delako. Aldiz, eskuak garbitzea, Europan baino maizago egiten da.
Badira gaixotasun larriagoak, orduan.
Bai. Elgorria, ebola edo malaria ere larriak dira. Gaixotasun infekzioso asko daude Ginean, endemikoak. Hurrengo epidemia zerena izango den eta noiz izango den ez dakigu.
Zenbat lagun ari zarete lanean MSF-n Ginean?
230-bat izango gara, eta lau proiektutan eta koordinazio bulegoan banatuta egiten dugu lan. Atzerrikoak 20-bat gara, eta atzerritarron bi heren hegoaldeko herritarrak dira, eta heren bat iparraldekoak. Oraingoz, atzerritarren gehiengoa koordinazio lanetan ari gara.
Medikuez gain, nolako jendeak egiten du lan zuekin?
Erdia bakarrik gara osasun langileak. Bestela, logistika edo hornidura dela-eta, era askotako jendea behar da: mekanikoak, txoferrak, giza baliabideak, segurtasuna, ingeniariak… Gure ekintzak osasunera bideratuta daude, baina beste alor horiek ere zaindu behar dira. Eta lan horiek egiten dituztenak medikuak bezain garrantzitsuak dira.
Nolakoa da zure egunerokoa?
MSF-ren etxeetan bizi gara atzerritar langileok. Astegunetan egiten dugu lan, 08:00etatik 17:30era, baina gehienetan ordu gehiago egiten ditugu, baita asteburuetan ere. Kotxean etortzen dira bila gu lanera eramateko, eta kotxean itzultzen gara. Denbora librean, noiz behinka hondartzara joaten gara, edo jatetxeren batera afaltzera.
Nik lanaren %80a bulegoan egiten dut, baina misioetara ere joan behar izaten dut noizean behin, herrixketara, eta misioak gustuko baditut ere, horietan baldintzak gogorragoak dira.
Noiz arte egongo zara han?
Irailean bukatuko dut kontratua, eta gero ez dakit zer egingo dudan. Orain egiten dudan lana asko gustatzen zait, eta nahiz eta gauza askori uko egin behar izan diedan, erosotasun askori, familiari, lagunei edo mendian ibiltzeari, adibidez, uste dut MSF-rekin jarraituko dudala.