Artzainak bueltan dira
Irailaren 4an egingo da aurten Gipuzkoako Artzain Eguna Legazpin, ohiko formatua berreskuratuta. Antolatzaileek egitaraua prest dute dagoeneko, eta omenduen izenak erabakita
Azken bi edizio berezien ondoren, Gipuzkoako Artzain Egunak ohiko formatua berreskuratuko du aurten, eta betiko egitarauarekin egingo da irailaren 4an, Legazpin. Abuztua tartean izanik, antolatzaileek ia dena prest dute dagoeneko, eta egun horretako ekitaldi sorta eta omenaldiak jasoko dituztenen zerrenda lotuta dituzte.
Artzain Egunaren 38. edizioa izango da, eta Legazpin egingo den 38. aldia ere bai. Aurretik ere izango du oihartzuna artzainen festa honek, irailaren 1ean, Bideak dokumentala proiektatuko dutelako Kultur Etxean, Aritz Ganboa artzain protagonista eta Xabier Unanue zuzendaria bertan direla.
Igandea ekitaldiz beteko da gero, Euskal Herria plaza artzainen topaleku bihurtuz goizeko 10:00etaik 13:30era arte. Gazta eta ardi okela lehiaketez gain, ohiko ekitaldiak izango dira, tartean gazta dastaketak eta salmenta, sagardo dastaketa, txakurren trebatze erakustaldia eta ardiari ile mozte erakustaldia. Musikarik ere ez da faltako, ezta artiasuen postuak ere.
Festak jarraipena izango du arratsaldean, Urtatzan jokatu den artzain txakurren txapelketarekin.
Omenaldiak
Omenaldiak dira Artzain Eguneko beste gako batzuk, eta aurten ere izango dira. Xexilio Goñi artzain gipuzkoarra, Tomas Ibarra eta Luzio Irisarri artzain amerikarrak eta Maria Luisa Alberdi eta Juan Ezenarro izango dira omenduak.