Azoka ekologiko «jendetsua»
Zeraingo azokaren balorazio ona egin dute antolatzaileek, «ekoizleak gustura ibili direlakoan». Ostegunean Ataunen arrantzaren inguruko hausnarketa egingo dute
Goierriko Hamabostaldi Ekologikoa ez da amaitu. Hamabostaldiko ekintza nagusia, baina, ospatu da. Igande goizean Zeraingo Azoka Ekologikoa izan zen, Biolurrek eta Zerain Dezagun Fundazioak antolatuta. Denetarik aurkitu ahal izan dute bertaratu direnek: bitxiak, barazkiak, pasta, ardoa, gazta, zeramika, arropa…30 aldiz baino gehiagotan ospatu da dagoeneko Zeraingo Azoka Ekologikoa eta eskualdean errotuta dagoen ekintza bilakatu da.
23 ekoizlek parte hartu dute azokan. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, «jendetsua» izan delakoan eta «ekoizleak ere gustura ibili direlakoan». Aurten, bi jarduera antolatu dituzte eredu ekologikoaren ekoizpen sistemari balioa emateko. Batetik, eko gaileta tailerra eta sentsibilizazio saioa izan dute haur eta gaztetxoenek, Haristizabal baserriaren eta Landarlan elkartearen eskutik, eta bestetik, Osoa Cooking-ek Bizitza kontzienterako errezetak erakustaldi eta dastaketa saioa eskaini du publiko orokorrari zuzenduta.
Azken jarduera
Goierriko Hamabostaldi Ekologikoa amaitzear da. Nekazaritza ekologikoa bultzatzeaz harago, tokiko nekazaritza eredu iraunkorra indartu, tokiko kontsumo eredu osasuntsu eta jasangarria bultzatu eta sentsibilizazioa izan dituzte helburu Otsotarrak elkarteak, Goierriko Baratzak eta Biolur elkarteak prestatutako egitarauarekin.
Azoka ekologikoaren ondoren, azkeneko ekintza ostegunean izango da. Ataungo Herri Antzokian Itsasoiko.Itsasotik sasoikoa dokumentala emango dute 19:00etatik 20:30era. Euskal Herriko arrantzaren bilakaeraren eta arrantza ereduaren inguruko hausnarketa da.













