CAFeko LABek Eusko Jaurlaritzari urrunago joateko eskatu dio
Eusko Jaurlaritzak zituen CAFen akzioak bikoiztu eta multinazionalaren %3aren jabe egin da, bertan errotzeko. LABek Euskal Herrian enplegua sortzera eta aberastasuna banatzera beharko dituzten politikak garatzeko eskatu ditu
CAFeko LABen sail sindikalak Eusko Jaurlaritzak enpresaren akzioen %3a eskuratzeko egindako mugimenduaren inguruan hausnarketa kritikoa egin du. Multinazionalak lurraldean errotuta jarraituko duela bermatzeko egin zuten erosketa, baina sindikatuaren arabera ez du ezertarako balioko, baldin eta CAF bezalako euskal multinazionalak Euskal Herrian enplegua sortzera eta aberastasuna banatzera behartuko dituzten politikak garatzen ez badira.
LABentzat kezkarik “handienetako bat” da enpresa Euskal Herrian sustraitzea. Sindikatuak adierazi duenez, zuzendaritzak logika multinazionalean hartzen ditu erabakiak, etekinak lehenetsiz eta jatorria eta pertsonak bigarren maila batean utzita. CAFek Polonian, Galesen edo Frantzian lantegiak eskuratu dituela Euskal Herrian lan karga falta iragarri duen bitartean jarri dute adibide gisa; edo Beasainerako programatuta zegoen eskari bat Mexikora eraman dutela.
Akziodunen sustraitzea bermatzeaz gain, langileak konpainiaren erabakietan “zuzenean” parte hartuko duten eredu bat garatzeko eskatu dute. CAFek Palestinan martxan duen proiektua aipatu dute, kontrako hotsak entzun arren ez dutelako asmorik aldatu. Langileak enpresaren ia laurden baten jabe dira. %14a Kutxabanken eskuetan dago eta gainerakoaren zati handi bat interes ezezaguneko inbertsore pribatuena da.