Txakurren pozoiketek eta hilketek jarraitzen dute Lazkaon
Txakurren aurkako erasoek ez dute etenik izan Lazkaon. Hilaren hasieran hasitako pozoiketekin jarraitzen du norbaitek, eta aurreko asteburuan txakur «batzuk» hil eta «beste batzuk» albaitaritza-kliniketan sendatu behar izan dituzte, udalak azaldu duenez. Kopururik ez du jakinarazi. Oraingoan ere, pozoiketa kasu gehienak San Prudentzio inguruan gertatu dira.
Txakurrak eta katuak pozoitzeagatik azken asteotan Lazkaon jarritako salaketak «izugarri» igo direla ere gehitu du udalak. Arazoa ikertzen eta polizia-jarraipena egiten ari direla aurreratu du, baina «kontu handiz ibiltzeko eta zaintzeko» deia eta zerbait gertatzen bada Udaltzaingoari abisatzeko eskaria egin diete txakur jabeei.













