Iñaki Apalategi ere txapelketa nagusiko finalerdietan arituko da
Beasaindarrak jarri du muga 664 punturekin. Bi goierritar, 25 bertsolari onenen artean. Iban Urdangarin izan da kanpoan gelditu direnen artean puntu gehien lortu dituena.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo fasea bukatuta, larunbatean bertan jarriko da martxan bigarren fasea, final aurrekoarena. Lehenengo kanporaketetatik sailkatutako hemeretzi bertsolariekin batera, azkeneko txapelketako bost finalista (seigarrena, Maialen Lujanbio zuzenean sailkatuta dago finalerako) sartuko dira lehian.
Irailean bost goierritarrek ekin zioten Euskal Herriko bertsolari txapelketari, baina lehen galbahea pasatu dutenak, bi bakarrik izan dira. Nerea Elustondo legazpiarrak aurretik ziurtatua zuen bigarren faserako txartela, eta azkenean, Iñaki Apalategi beasaindarrak ere lortu du helburu bera; puntuazioari dagokionean, justu-justuan sartu da.
Justu-justuan kanpoan geratu dena, Iban Urdangarin ataundarra izan da. Aurreko astean GOIERRIKO HITZAri aitortu zioenez, «muga-mugan ibiliko naiz. Barruan izateko esperantza daukat, eta poztuko nintzateke hala bada». Kasu honetan, kanpoan geratu da, beraz. Lehenengoz Euskal Herriko txapelketan parte hartu duten Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu urretxuarrak ere agur esan die txapelketari.
Bi itzuli
Bigarren fasea urriaren 22an hasiko da, Elizondoko (Nafarroa) Baztan pilotalekuan; Iñaki Apalategi beasaindarrak kantatuko du bertan. Bigarren kanporaketan ariko da Nerea Elustondo legazpiarra, urriaren 29an, Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) Jai Alain. Beste bi kanporaketak Irunen (azaroaren 5ean) eta Durangon (azaroaren 12an) izango dira. Goierrirekin lotura estua duen Nerea Ibartzabal (Fina Salegi urretxuarraren alaba) Irunen ariko da.
Bigarren edo finalaurreko faseak bi itzuli izango ditu. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, eta lehenengo itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek ez dute aurrera egingo. Taldeak aldatu egingo dira lehenengo itzulitik bigarrenera. Azaroaren 19an Amurrion (Araba), azaroaren 26an Baionan (Lapurdi) eta abenduaren 3an Bilbon (Bizkaia) izango dira finalaren aurreko azken hiru saioak.
Finala Iruñean
Lehenengo aldiz Iruñean, Nafarroa Arenan jokatuko da final handia, abenduaren 18an. 2017ko txapeldunarekin [Maialen Lujanbio] batera, beste zazpi bertsolarik izango dute tokia oholtzan. Bigarren fasean puntuazio altuena lortzen duten zazpi bertsolariek, alegia.
Finalerdiak
Azken finalistak
Amets Arzallus
Unai Mendiluze
Beñat Gaztelumendi
Sustrai Colina
Unai Agirre
Saioetako irabazleak
Alaia Martin
Joanes Illarregi
Nerea Ibartzabal
Haritz Mujika
Jone Uria
Aitor Bizkarra
Puntuazio bidez
Oihana Iguaran 737,50
Nerea Elustondo 695,00
Ane Labaka 694,50
Julio Soto 691,00
Onintza Enbeita 688,00
Agin Laburu 685,00
Aitor Etxebarriazarraga 682,50
Maddalen Arzallus 678,00
Eñaut Martikorena 674,50
Saioa Alkaiza 673,00
Miren Artetxe 670,00
Asier Azpiroz 666,00
Iñaki Apalategi 664,00
*Puntuazioz zazpi onenek egingo dute aurrera, finalera
Saioak
Elizondo. Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Unai Agirre. Urriak 22.
Donibane Garazi. Nerea Elustondo, Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika eta Oihana Iguaran. Urriak 29.
Irun. Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Azaroak 5.
Durango. Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. Azaroak 12.
*Lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Taldeak aldatu egingo dira, ondorioz.