Goiekiren Enpresa Ekimen Berrien Sariketak mende laurdena bete du
Goierriko Berrikuntza Gunean egin dute 25. lehiaketako sari banaketa. Goieki Goierriko Garapen Agentziarentzat «apustua eta lehentasuna» da ekintzailetza
Goieki Goierriko Garapen Agentziak antolatzen dituen Enpresa Ekimen Berrien Sariketak mende laurdena bete du. Atzo egin zuten 25. lehiaketako sari banaketa, Goierriko Berrikuntza Gunean dagoen NBF eraikinean, enpresa berrien faktoria eta Goiekiren egoitza den eraikin berrian, alegia. Urteurren berezia izanik, sari banaketa ere hala moduz antolatu zuten. Lehiaketaren ibilbidea aurkeztu zuten bideo baten bidez eta Nerea Garmendia aktore beasaindarrak Tarak eta guzti! bakarrizketa eskaini zuen.
Ekitaldiarekin hasteko, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Iker Galparsoro Goiekiko gerenteak ongi etorria egin zieten bertaratutako eragileei, enpresa babesleei eta sariketan parte hartu duten sortzaileei. Ezenarrok «pozgarritzat» jo zuen sari banaketa bertan egin izana, «Goierriko 18 udalerrik hartutako konpromisoa» islatzen duelako eta «oso lotuta dagoelako enpresa ekimen berrietara», horientzako azpiegiturak ere badaudelako bertan. Galparsorok, berriz, 25 urteetako ibilbidean parte hartu dutenak izan zituen gogoan: «Ekintzaile asko, babesleak, Goiekiko lankideak… guztion bultzadarekin iritsi gara honaino». Ekintzailetza «apustua eta lehentasuna» izan dela gehitu zuen, «beharrezkoa» dena.
25 urtetan, ehunka enpresa
25 urteotan, Goiekitik laguntza jaso duten enpresak «600dik gora» izan dira, Galparsorok adierazitakoaren arabera, eta lehiaketaren urteurrena guzti horientzako omenaldi moduan aurkeztu zuen: «Goierriri ematen diotena izugarria da. Sare industrial potentea dauka Goierrik eta babestu behar da, baina ekintzailetza ere babestu behar da». Ongi etorriaren ondoren, lehiaketaren historia azaltzeko bideo-erreportajea igorri zuten, ibilbidean parte hartu duten pertsonen elkarrizketekin, egindako lana azalduz. Lehiaketaren sortzaile izan ziren Juan Manuel Barandiaran Goiekiko gerente ohia, Niko Errasti Goiekiko Industria arloko arduradun ohia eta Manuel Luna asmatzailea ere ekitaldia izan ziren. Bideoa amaitzean, omenaldi txiki bat jaso zuten.
Ekitaldia borobiltzeko, Nerea Garmendia aktoreak umorezko bakarrizketa saioa eskaini zuen, eta gogora ekarri zuen haren aitaren enpresak ere Goiekiren laguntza jaso zuela hastapenetan.
Ekintzailetza bultzatzeko
Industria, turismoa eta ekintzailetza bultzatzeko eta dinamizatzeko lanak egiten ditu Goieki Garapen Agentziak, haien hitzetan, «jakintzan inbertituz, etorkizun-ikuspegia izanez eta aurrerapen-kolektiboan inplikatutako profesionalekin». Horri bultzada emateko asmoz antolatu dute urtez urte Enpresa Ekimen Berrien sariketa. Lehiaketaren ibilbidean sarituak izan diren enpresen %70 irekita eta hazten jarraitzen dute.













