«Esperientzia aberasgarria bezain dibertigarria izango da»
Irene Kortaberria Larreak (Beasain, 2000) abenduaren 2ra bitartean egingo den Hikaldian parte hartzen ari da, beste hainbat beasaindarrekin batera. Batez ere gazteei eta familiei bideratu nahi izan die ekimen berri hori Aittu euskara taldeak. "Gazteen artean oso gutxi erabiltzen da hitanoa egunerokotasunean", nabarmendu du beasaindar gazteak.
Zer moduzkoa da hitanoaren egoera Beasaingo gazteen artean?
Erabilera oso urria dela esango nuke. Belaunaldi helduagoetan entzuten den arren, adibidez, gure gurasoen adin inguruan, gazteen artean oso gutxi erabiltzen da hitanoa egunerokotasunean. Gainera, hitz egiten den gutxi hori gizonen arteko komunikazioan izaten da. Beraz, emakumeen arteko edo emakumeei zuzendutako hitanoko formak ez dira erabiltzen Beasaingo gazteen artean.
Zerk bultzatu zaitu Hikaldian parte hartzera?
Aurrez aipatu dudan egoera horrek berak, egia esan. Beti entzun izan ditut gurasoen belaunaldikoak hikan hizketan, baina gazteen artean inoiz gutxitan entzun izan dut eta entzun dudanetan gizonen ahotik eta gizonezkoentzat erabiltzen den formetan. Beraz, egoera hau identifikatuta herrian eta euskara erabiltzeko forma polita iruditzen zaidanez egoerari buelta emateko nire alea jarriko dut Hikaldian parte hartuz. Ez dakit nola moldatuko naizen, baina saiakera egin nahi dut eta aitzakia bikaina da hizkuntzarekin jolastu eta gauza berriak probatzeko.
Elkarrizketa osoa GoiBerri.eus webgunean.