Lazkaoko Talde Feministak "borrokatzeko eta antolatzeko" deiarekin antolatu du A-25eko egitaraua
Ekarpenak egiteko bidea irekita daukate, eta sare batean josita aurkeztuko dituzte emakumeen aldarrikapenak eta mezuak. Beste eragile batzuen jarduerekin bat egiteaz gain, ostiralerako ekitaldia prestatu dute.
2021eko urtarrilean, Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko elkarretaratzea, Lazkaon./Loinaz Agirre Lazkaoko Talde Feministak zabaldu du Azaroaren 25ari begirako egitaraua. Borrokatu, saretu eta antolatu lelopean, lazkaotarrei ekitaldietan parte hartzeko eskatu diete. Urtero salaketa eta aldarri “berdinak” egin behar izateaz “nazkatuta” daudela adierazi dute. “Eraso horiei aurre egiteko elkarren arteko zaintza eta babesa da bide bakarra. Sarea jos dezagun eta indartu gaitezen”, aldarrikatu dute.
Euskal Herrian aurten bi emakume hil dituztela gogorarazi du Talde Feministak. Tratu txarrak eta erasoak salatu dituztenen berri ere zabaldu dute, Goierrikoak kasu honetan. 2021ean, Goierri behealdean 73 indarkeria matxista kasu salatu ziren: Ordizian 27, Beasainen 20, Lazkaon 11, Zaldibian 5, Legorretan, Idiazabalen eta Ataunen bina, eta Araman, Itsasondon, Seguran eta Ormaiztegin bana.
“Goierriko egoera ez da isolatua. Azken urteetan goranzko joera daukate indarkeria-erasoen salaketek. Adin guztietan daukate eragina, nerabezarotik zahartzarora arte”, azaldu du Lazkaoko Talde Feministak. Erasoa jasandako emakumeei udaleko Gizarte Zerbitzuetara jotzeko, 900 84 01 11 telefono zenbakira hots egiteko edo Erastop apikazioa erabiltzeko esan diete.
Ekitaldiak Lazkaon aste honetan
Lazkaoko Talde Feministak, A-25ari begira, batetik herriko beste eragile batzuen ekimenekin bat egin du. Lehengo ostegunean Lazkaoko emakume kirolariak podcast-a grabatu zuten, plazako frontoian, Euskaraldiko Batzordeak antolatuta. Udalak antolatutako sormen lehiaketa-tailerra ere martxan da, indarkeria matxista sare sozialetan salatzeko bideoak ekoizteko deialdiarekin. Azaroaren 25era arte dago aurkezteko epea.
Gerriko elkarteak, udalak eta Maizpiden, beren aldetik, XX. Gerriko Ikerlan Beka Lazkaoko emakumeen azterketarako bideratua du. Azkenik, EH Bilduk hitzaldia antolatu du, biharko (azaroak 23, asteazkena), kultur etxean 19:00etan. Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak Indarkeria matxista Berdintasun Legearen baitan: lorpenak eta lorkizunak gaia jorratuko du.
Talde Feministak, bere aldetik, ostiralean (azaroak 25) garatuko ditu ekimen propioak. Batetik, herriko hainbat tokitan jarrita dauden sareetan aldarrikapenak, mezuak eta oharrak idazteko aukera dago, azken asteotan. Bestetik, ostiralean eskulan tailerra egingo dute lehenik, eta horrako materiala biltzen ari dira, Maizpiden, Orobionen, udaletxean, ikastolan, Txindoki egoitzan eta Gerriko elkartean. Bihar arte utz litezke metro bateko luzerako soka, zinta, oihalak, artilea…
Ostirala, Azaroak 25. Talde Feministaren egitaraua:
- 17:00etatik 19:00etara. Eskulan tailerra, plazan.
- 18:00etatik 19:00etara. Gazte saretze tailerra, kultur etxeko erakusketa aretoan.
- 19:00etan, ekitaldia plazan.

2021eko urtarrilean, Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko elkarretaratzea, Lazkaon./Loinaz Agirre













