Carlos Mediavilla urretxuarrak irabazi du Matematika argazki saria
Alberto Dolzek, bigarren saria; Manu Barreirok, hirugarrena; eta Migel Caverok, herrikoa. Sari emate ekitaldia bihar izango da, Igartzan. Argazki onenekin erakusketa ondu dute.
Carlos Mediavillaren ‘Phi’ argazkia. Fibonacci eta Pi zenbakien arteko lotura egiten du espiralak. Argazkia: Carlos Mediavilla Carlos Mediavilla Arandigoien urretxuarrak irabazi du bederatzigarren Matematika argazki lehiaketa. Lemniskata zientzia sare herrikoiak eta Argizpi argazkilaritza elkarteak antolatu dute, Urtarrila, matematikaren bila zikloaren barruan. Argazkilari urretxuarrak ibilbide luzea du argazkilaritza munduan eta makina bat sari irabazitakoa da lehiaketetan. Honetan ere, bere nagusitasuna erakutsi du Phi izenburudun argazkiarekin. Kiribil bat osatzen duen eskailera-buru edo tranpagain bat irudikatu du, era zenitalean.
Urretxuarrarekin batera, Alberto Dolz Civerok jasoko du bigarren saria, Luces y sombras izeneko argazkiagatik, eta hirugarren saria, Manu Barreiro Rodriguezentzat izango da, Triangelua argazkiari esker. Laugarren sari bat ere banatuko dute, herriko saria. Hori Migel Cabero Carazok jasoko du, Pasarela argazkiagatik.
Sariketaren antolatzaileak gustura daude bederatzigarren edizio honek emandakoarekin; «urte oparoa izan da aurtengoa, bai partaideei eta bai herrialde aniztasunari dagokienez».
Epaimahaia ere, gustura. Aurkeztutako lanen kalitateari dagokionez, aurtengoa bereziki ona izan delako. Arbil Iciar Manterola, Jose Hilario Garcia, Marian Martin eta Luis Martinez Aniensa izan dira argazkiak baloratzeaz arduratu direnak.
Sari banaketa ekitaldia, bihar egingo da, Igartzako Jauregian, 19:00etan. Aipatu ere, sari emate ekitaldiarekin, irekita geratuko dela Matematika argazki lehiaketara aurkeztu dituzten lanen erakusketa. Beasaingo Igartza jauregian bertan egongo da, otsailaren 5era arte. Ordiziako Barrena jauregian ipiniko dute gero, otsailaren 17ra arte; eta handik, Lazkaora.
Irantzu Barrioren hitzaldia
Sari banaketaren ondoren, Urtarrila, matematikaren bila zikoaren barruan antolatu duten hirugarren hitzaldia izango da. Irantzu Barrio izango da hizlaria, EHUko Matematika Saileko irakaslea eta ikerlaria da. Estatistikaren inguruan hitz egingo du. Hori da bere alorra.













