Dena prest dago Gabiria-Legazpi rally-sprinta hasteko
Legazpiko plazan elkartu dira goizean partaide guztiak, eta egiaztepen teknikoak eta administratiboak egin ondoren, Ezkion dagoen asistentzia gunera abiatu dira. Autoen lehen pasea 14:00etan izango da.
Gutxi falta da gabiria-Legazpi rally-sprintaren 25. edizioa hasteko. Goizean Legazpiko plazan elkartu dira partaide guztiak, eta egiaztapen teknikoak eta administratiboak egin ondoren, 13:00etan abiatu dira Ezkioko Anduaga industrialdean kokatutako asistentzia gunerantz. Gabiriako Korta jatetxearen parera joango dira gero, eta 14:00etan abiatuko da handik lehen partaidea. Aurretik, 6,640 metroko ibilbidea izango du, Legazpiko Motxorroraino. Autoen bigarren pasea 16:00etan izango da, eta 17:50ean azkena. Sari banaketa 20:00etan egingo dute, Legazpin.
Ezkiorantz abiatu aurretik, ikusmin handia piztu dute Legazpiko plazan ordu batzuez aparkatuta egon diren autoek. Guztira, pilotuz eta kopilotuz osatutako 82 talde zeuden izena emanda, proba honek inoiz izan duen partaidetza handiena osatuz. Goierritarrak ere badira tartean. Emakumezkoen presentzia ere nabarmena da aurtengo edizioan, 24 kopilotu eta pilotu bakarrarekin. Emakumeek argazkia atera dute, Martxoaren 8a gogoratzeko, eta gero partaide guztiak elkartu dira taldeko beste argazki bat ateratzeko.













