Apirilaren 15eko Haurren Eguna jokoekin eta tailerrekin ospatuko dute Legazpin
Naturan jolasean eta Zirkoan trebatzen jarduerak eta sormen tailerra izango dituzte aukeran 3 eta 12 urteko haurrek, Azokan, goizetik.
Apirilaren 15a Haurren Eguna dela eta, Legazpiko Udala batu egingo da ospakizunera eta herriko haurrei zuzenduta, hainbat jarduera antolatu ditu larunbat horretarako. Azokan izango dira, 11:00etatik 14:00etara, 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
Naturan jolasean izango da jarduera horietako bat, eta hainbat ekintza burutzeko txokoz osatuta egongo da. Besteak beste, eraikuntza txokoak, sormen txokoa, jolas sinbolikorako sukalde txokoa, harearekin, lurrarekin eta naturako elementuekin eskulanak egiteko txokoa egongo dira aukeran.
Sormen tailer bat ere izango da, material ezberdina erabiliz hainbat apaingarri edota elementu sortzeko eskulan tailerra, hain zuzen.
Eta azkenik, Zirkoan trebatzen jarduera eskainiko dute. Parte hartzaileek zirkoan murgiltzeko aukera izango dute, material ezberdina erabiliz.
Parte hartzeko izena eman behar da, on line www.legazpi.eus webgunean, eta gurasoek egin behar dute, seme-alabek parte hartzeko baimena eman behar dutelako. Hilaren 13an amaituko da epea, 14:00etan.
Epea: ostegunera arte, apirilak 13a, 14.00ak arte.