Special Trap Residence-ek kontzertua joko du etzi, Plaza Nagusian
Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren bigarren edizioaren barruko emanaldia da. Ayvee izango da artista gonbidatua eta DJ Josu Rodriguez urretxuarrak ere saioa egingo du. 20:00etan hasiko da.
Donostiako Amara auzoan sortutako Special Trap Residence taldearen argazkia. Joan den larunbatean alde zaharreko ostalariek antolatuta, Kontrol Norte eta Los Zopilotes Txirriaos taldeen kontzertuak izan ziren Plaza Nagusian, Alde zaharra dantzan ekimenaren barruan. Larunbat iluntzean ere musika izango da nagusi plazan, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalarekin elkarlanean antolatuta, Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren bigarren edizioak geldialdia egingo baitu Ordizian. STR Special Trap Residence taldea izango da kartelburua.
20:00etan hasiko dira emanaldiak. Hiru izango dira. Special Trap Residence taldeaz gain, artista gonbidatua Ayvee tolosarra izango da, eta DJ Josu Rodriguez urretxuarrak ere saioa eskainiko du. Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren helburua, aldundiak jakitera eman duenez, «nerabe eta gazteei kultur programazio erakargarria eskaintzea» da.
Donostiako Amara auzoan sortutako taldea da STR, sustraiak Bizkaian dituen arren. 2018an sortu zuten Oihan Moreno eta Aritz Mendiola antzezleek, beste hiru lagunekin batera, eta gaur egun Danae Riaño da taldeko burua. Trap estilotik gertu, pop doinuekin malenkonia eta desamodioa bezalako gaiak jorratzen dituzte abestietan.
Prozesu bat, diskoan
Ayvee Tolosan jaiotako Andrea Vitoriaren izen artistikoa da. Terapia modukoa izan da musika berarentzat. 2020ko irailean Amaitu da abestia kaleratu zuen. Bere lehen diskoa, Medusa izenekoa, pandemia ondoren jasandako bortxaketari eta depresioari aurre egiteko baliatu du. Diskoko abestietan bizitako prozesua azaltzen du, jarritako salaketa, prozedura judiziala, depresioa, gizartearen erantzuna eta egoera gaindu izana, tartean.
Josu Rodriguez DJ-aren esku egongo da emanaldien girotzea. DJ profesionala da 2011tik, eta Euskal Herritik egiten dituen disko-festak eta Bataplan aretoko lana uztartzen ditu. Estilo ezberdinak lantzen ditu.













