EKAIN IMAZ AGIRRE. ERRUGBI JOKALARIA

«Biarritzekin lehenengo mailara igotzea da nire ametsa»

Gaur egun Frantziako bigarren mailan dagoen Biarritz Olympique errugbi taldearekin debutatu du Ekain Imaz Agirrek (Beasain, 2002). Bi partida jokatu ditu lehen taldearekin.

Biarritz Olympique errugbiko bigarren mailako taldearekin debutatu berri duzu. Nolakoa izan zen une hori?
Emozio asko, urduritasuna ere bai,… Jokatzeko gogo handia nuen, batez ere, familia eta lagunak harmailetan zeudela jakinda.

Zure buruan irudikatzen al zenuen debutaren eguna?
Bai, noski! Baina nik pentsatu baino lehenago iritsi da aukera. Ez nuen espero aurten izango zenik, sorbaldako lesio baten erruz, zazpi hilabete jokatu gabe egon naizelako.

Noiz errekuperatu zara?
Hain justu, debuteko partida izan zen errekuperatu eta jokatu nuen lehenengo partida.

Indar kolpea izango zen orduan…
Dudarik gabe! Lan eta sakrifizio handia dago atzean. Hemen egoteko, gauza asko utzi behar izan ditut, beraz, oso garrantzitsua da niretzat.

Partida irabazterik ez zenuten izan, eguna borobilduko lukeena, baina hala izanda ere, nola oroitzen duzu partida? Nola ikusi zenuen zure burua?
Partida horretako detaile guztiak gogoan ditut; ez zen izan taldearen partidarik onena, lesionatu asko zeuden…baina genuen guztia eman genuen. Eta ni pertsonalki, kontentu egindakoarekin. Emozio askorekin eta gogo handiarekin jokatu nuen.

Horrelako egun handi batean, nola kudeatzen dira emozioak?
Partida aurretik sentitu nuen urduritasun gehien. Behin berotzen hasita, aldagelan musika entzuten, eta gero zelaira ateratzerakoan, emozio guztiak oso presente izan nituen, baina apaldu ere bai; egin beharrekoan eta partidan pentsatzen jartzea izan zen gakoa. Kontentu nago horri eusten asmatu nuelako.

Zein posiziotan jokatu zenuen?
Zortzi posizioan, hirugarren lerroan. Aurretik ibilia naiz hor ere, eta eroso sentitu nintzen.

Noiz eta nolatan hasi zinen errugbian?
Hasi nintzen alebinetako azkeneko urtean, 10-11 urterekin. Beasaingo futbol taldean ez nuen tokirik izan eta kirola egiteko gogoz, zerbait berria probatu nahi nuela eta errugbirako baldintza fisiko egokiak nituela esaten zidatenez, halaxe hasi nintzen.

Errugbiaz eta futbolaz aparte beste kirolik egin duzu?
Pilota eta eskola garaian tokatu izan zitzaizkidan beste asko. Egia esan, txiki-txikitatik izan naiz kirolzalea, eta nire aitak esaten duen moduan, esku edo hanka artean izan dut beti pilota bat, izan borobila, izan obalatua. Nahiz eta azkena gelditu, beti parte hartzen nuen.

Zer izan zara gehiago, kirolerako abilezia berezi duena ala langilea?
Langilea. Lan asko egin dut hona iristeko, entrenamenduetatik kanpo ere. Bai Ordizian, bai Miarritzen, taldeko lan saioetatik aparte, nire kasa ere entrenatzen dut gogor.

Ordizian hasi zinen. Taldekide izandakoek ere errugbian jarraitzen dute?
Bai, noski! Gaur egun lehenengo taldean jokatzen duenik bada, kuadrillakoak dira batzuk-batzuk, beraz, ez dut loturarik galdu jokalariekin. Klubarekin ere mantentzen dut lotura, ahal dudan guztietan joaten bainaiz haien partidak ikustera.

Frantziako ligan dagoen kluba da Biarritz, edozein errugbilarirentzat ametsa dena. Nola jaso zenuen jauzi hori egiteko proposamena?
Abuztuko arratsalde bat zen eta lagunekin nengoen aitaren telefono deia jaso nuenean, esanez, etxera joateko, eta orduan kontatu zidan, Biarritzera joateko aukera nuela. Bi aldiz pentsatu gabe baietz esan nion. Biarritzen partida ugari ikusi izan ditut txiki-txikitatik, eta proposamena iritsi zen momentuan, gainera, errugbiarekin sentitzen nuen lotura erabatekoa zen, beraz, amets bat betetzea zen Iparraldera joatea.

“Nik pentsatu baino lehenago iritsi zait debutatzeko aukera. Ez nuen espero aurten izango zenik”

“Batzuetan ez da erraza errugbia eta ikasketak uztartzea, baina ondo antolatuta, denera iristen naiz”

Aldaketa handia izango zen…
Bigarren batxilergoa egiten ari nintzen, Lazkaon, San Beniton, eta ikasketak bertan amaitzeko, gurasoek esfortzu handia egin zuten, astean bi-hiru aldiz Biarritzera entrenatzera eramateko. Hizkuntza, ez zen oztopoa izan, frantsesa ezagutzen nuelako nahiz eta hobetzeko asko nuen. Gainontzean, taldean egokitzapena oso ondo joan zen. Denboraldiaurre bukaeran iritsi nintzen, taldekideak ez nituen ezagutzen, baina oso-oso ondo hartu ninduten eta dena primeran joan zen. Lehenengo urte hura, oso polita izan zen, gogorra ere bai, joan-etorriengatik, baina nire pasioa da eta merezi izan zuen!

Nolakoa da zure bizimodua?
07:00-07:30ak inguruan altxatzen naiz, klubera joan, bertan pisatu eta datu batzuk hartzen dizkigute, gosaldu, ondoren, goizeko entrenamendua, arratsaldean berriz gimnasiora, eta gero, etxera, ikasi, lanak egin, deskantsatu,… Horrela doa!

Ikasketak ere aipatu dituzu…
Magisteritza ikasten nabil, Mondragon Unibertsitatean. Batzuetan ez da erraza errugbia eta ikasketak uztartzea, baina ondo antolatuta, denera iristen naiz.

Denboraldia amaitzeko gutxi falta da. Zein da taldearen egoera eta zer espero duzu zuk?
Bi partida falta dira liga erregularra amaitzeko eta zaila dago Play Offetan sailkatzea. Nik bigarren partida bat ere jokatu dut lehenen taldearekin, Angoulemen kontra. Ilusio handiarekin nago, denboraldi ia osoan ezin izan dudalako jokatu eta geratzen denari ahal dudan zuku gehien atera nahi diot. Eta gero, espoirs edo gazteen taldearekin, lau-bost partida falta zaizkigu, beraz, nahiz eta lehenen taldearekin ez jokatu, gazteekin jokatzen jarraituko dut.

Eta behin denboraldia amaituta, zeintzuk dira zure planak? Biarritzen jarraituko duzu?
Oraindik ez dago ezer garbi. Ikusiko dugu. Niri Biarritzen jarraitzea gustatuko litzaidake.

Eta urrutirago begira?
Nire ametsa beti izan da profesionalki Frantzian jokatzea, Top 14an edo Prod2 mailan. Gustatuko litzaidake Biarritz Top14ra igotzea, eta bertan asentatzea. Horrez gain, Espainiako selekzio absolutuarekin, 2027 urteko Munduko txapelketara sailkatzeko aukerak ditugu. Baina batez ere, Biarritzekin lehenengo mailara igotzea da nire ametsa.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa