Bukatu zirenik ez uste
Lazkaoko jai nagusiak agortu badira ere, Lazkaomendikoek hartuko diete txanda, gaurtik igandera. Bertso-afaria, musa, juniorren lasterketa eta herri kirol desafioa egingo dituzte, besteak beste. Albiste barruan hiru egunetarako egitaraua.
Lazkaomendiko auzoan hiru eguneko festek hartuko diete lekukoa Lazkaokoei. Egitarau betea prestatu dute auzotarrek, eta ekitaldi sorta hiru egunetan banatu dute, gaurtik igandera. Jendetsuak izateko itxura guztia daukaten hitzorduak daude, tartean. Gaur gaueko gazte afaria, bat. Lartxai elkartean, Aratz Igartzabal eta Mikel Etxezarreta bertsolariekin egingo dute.
Lazkaomendiko 47. Proba bihar goizean jokatuko da, junior mailako ziklistentzat eta 99 kilometroko etapan. Lazkaoko plazatik 09:30ean abiatuko dira, Alegiara joan-etorria egin, eta Zaldibiatik Larraitz igoko dute; hurrengo biran Gaintza (Ordizia aldetik), eta azkeneko itzulian Lazkaomendi gainean bukatuko da (11:58), Zaldibiatik gora igota.
Kirol arloan, pilota erakustaldia ere izango da bihar, Lartxai azpiko frontoitxoan. Larunbata, oro har, haurrentzako gozagarriz beteta etorriko da, Pipas jatetxearen inguruan puzgarriekin eta pailazoekin.
Musa, sari handiekin
Jendea erakartzeko beste osagai bat Lazkaomendiko VI. Mus Txapelketa da. Itxurrenen jokatuko da, bihar. Izena 15:30ean eman behar da, eta jokoa 16:00etan hasiko da, lau erregera, eta 30 tantoko hiru ustelera.
Irabazleentzat 1.000 euroko diru saria eta txapelak jarri dituzte. Bigarrenek 500 euro, hirugarrenek 200, eta laugarrenek bikotearentzat afaria jasoko dituzte. Gainontzekoen artean, afari bat zozkatuko dute.
Erromeria giroa bermatuko dute asteburu guztian. Hiru trikitilari bikote eramango dituzte, bi festalekutara.
Herri kirol desafioa
Festetako beste une erakargarri bat herri kirol erakustaldi-desafioa izango da, igande arratsaldean. Lazkaomendiko beterano taldea, gazte taldea eta Zaldibiako taldea lehiatuko dira elkarren aurka. Iaz antolatu zuten lehenbiziko ikuskizuna, eta jendetza joan zen ikustera. Gazteek irabazi zuten orduan.
Herri kiroletako hainbat jokamolde egingo dituzte, korrika barne. Bideo bat ere atera dute, giroa berotzeko.
Igande eguerdia ere animatua izango da. Lazkaotik ohiko oinezko ibilaldia egingo dute, ikastolako haurrek eta gurasoek. 08:30ean abiatuko dira, Suki baserrietatik gora Amundarainen barrena. Bizikletan igotzeko hitzordua ere jarri dute. Jolasak, mokadutxoa eta Oin Arin taldeko dantzarien eta Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilarien erromeria izango dute goian.
Elastiko berezia atera dute jai antolatzaileek, paparrean Lazkaomendi jartzen duena eta kolore urdinekoa. Lartxai elkarteak taberna zerbitzua emango du.
EGITARAUA
GAUR
- 18:00. Txupinazoa.
- 18:30. Talo egitea eta haurren karaoke kantaldia.
- 21:30. Gazte afaria, Lartxain. Ondoren, bertsolariak.
BIHAR
- 09:30. 47. Lazkaomendi Proba txirrindulari juniorren karrera.
- 10:15. Pilota erakustaldia.
- 12:00-14:00 eta 16:00-18:30. Puzgarriak, Pipas aurrean.
- 16:00. Mus txapelketa, Itxurrene jatetxean.
- 17:00. PatxiN eta Potxin pailazoen ikuskizuna, Pipasen.
- 18:30. Buruhandiak, Pipasen.
- 19:30. Hodei Intsausti eta Garazi Lopetegi trikitilariak, Pipasen.
- 20:00. Mirari eta Aintzane trikitilariak, Itxurrenen.
- 21:00. Auzo afaria.
- 22:00. Trikitilariak, Itxurrenen.
IGANDEA
- 08:15. Txirrindu martxa.
- 08:30. Ibilaldia, Lazkaotik.
- 11:00. Haur jolasak eta erromeria: Oin Arin dantzak eta trikitia.
- 12:30. Meza, San Joan ermitan.
- 17:30. Herri kirol erakustaldia: beteranoak, gazteak, Zaldibia.
- 19:00. Andoni Egaña eta Unai Agirre bertsolariak.
- 19:00. Josu eta Mikel trikitilariekin erromeria.