Errotagintzaren egunarekin Beasainen hasiko da Gipuzkoako Erroten Eguna
Igartza monumentu multzoa izango da bigarren edizioko partaideen topaleku, bihar, eta maiatzaren 14ra arte luzatuko da egitaraua Goierrin. Errotei balioa ematea du helburu ekimenak.
Gipuzkoako erroten eguna egingo dute maiatzaren 14an. Ekimenaren bigarren edizioa da. Igartzako monumentu multzoa kudeatzen duen Aldaberen eta Ihurrita elkartearen artean antolatu dute. Hain zuzen ere, errotak balioan jartzeko helburua du ekimenak, ondare historiko, teknologiko, antropoligiko eta etnografikoaren parte izan baitira, eta Gipuzkoako garapenean garrantzia handia izan dute.
Horretarako, egitarau oparoa dakar eta Beasainen izango da bigarren edizioaren inaugurazioa, larunbatean, Igartza monumentu multzoan egingo duten Errotagintzaren topaketarekin. Bertan, edizio honetako partaideak bilduko dira. Beasain, Mutiloa eta Ataungo esperientziak ezagutu ondoren, Erroten egunaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Ondoren Igartzako monumentu multzoa bisitatzeko aukera ere izango da.
Ia berrogei jarduera programatu dituzte, maiatzaren 14ra bitarte, Gipuzkoan aurki daitezkeen erroten bueltan; bisita gidatuak, ikastaroak eta ikus-entzunezkoen emanaldiak izango dira, besteak beste. Goierrin antolatu dituzte ekitaldi horietako asko, Zegaman, Ezkion, Zaldibian, Legazpin, Araman, Ataunen, Mutiloan, Zerainen eta Ormaiztegin.
GOIERRIKO EGITARAUA
MAIATZAK 6
- Beasain. Errotagintzaren topaketa (10:00-14:00). Igartzako errota erakusketa, maiatzaren 6tik, uztailaren 2ra.
MAIATZAK 7
- Zegama. Intxausti errotara bisita gidatua (12:00-13:00).
MAIATZAK 13
- Beasain. Talo ikastaroa (17:00).
- Ezkio. Igartubeiti baserri museoan, familientzako lantegia (16:30-18:30).
- Zaldibia. Ikus-entzunezkoaren aurkezpena udaletxeko herri aretoan, 10:15ean. Erroten ibilbidea eta Kanpaingo errotaren ate irekiak, 10:30ean.
MAIATZAK 14
- Arama. Ibares errotara bisita gidatuak (10:30-12:00; 12:00-13:30; 16:00-17:30; 17:30-19:00). Talo ikastaroa (11:00etan eta 16:00etan).
- Ataun. Larruntza errotara bisita gidatua (10:00 eta 12:00 euskaraz; 11:00 eta 13:00 gazteleraz).
- Legazpi. Igaralde errotara bisita gidatua, 11:00etan.
- Mutiloa. Errotatxora bisita gidatua (11.00-11:00).
- Zerain. Larraondo zerrategi hidraulikora bisita gidatua, 12:00etan.
- Ormaiztegi. Errotek herriari eta herritarrei emandakoa ikus-entzunezkoa, 18:30ean.