Kilometro bertikaleko euskal txapela Txindokin jokatuko da, etzi
Goierriko Kopa Trail ligarako 7. proba puntuagarria izateaz gain, kilometro bertikalen Euskal Herriko Txapelketa ere izango da. 241 lagunek parte hartuko dute.
Txindokiko Kilometro Bertikalaren aro berriko bigarren ekitaldia igandean jokatuko da, Larraiztik Larrunarri tontorrera. Goierriko Kopa Trail ligarako 7. proba puntuagarria izateaz gain, kilometro bertikalen Euskal Herriko Txapelketa ere izango da. 241 lagunek parte hartuko dute.
Larraiztik irtengo dira korrikalariak, 10:00etan aurrenekoak, taldetxotan. Lehenbizi Gaintzako bidegurutzera neutralizatuta jaitsiko dira. Han hasiko zaie kronoa martxan. Iñaki Maiorak Ordizia-Txindoki errekorra jartzeko bideari eutsi diote, bertikalena eta gogorrena delako.
Probaren markak
Korrikalariek 3,6 kilometro luze eta 980 metro positibo desnibelean egin beharko dituzte, gailurreraino. Oria iturrian egongo da kontrola, eta Tximista bidean gora joko dute.
Txindokiko KBren markak Oihana Kortazarrek (44:05) eta Asier Larruzeak (35:59) dituzte.