Lazkaoko ikasle talde bat finalista izan da Deustuko Unibertsitatearen enpresa ideien lehiaketan
Ospakizun zibilak gidatzeko enpresa-ideia bat garatu dute San Benito ikastolako 2. Batxilergoko lau ikaslek. 210 proiektutatik hamar onenen artean geratu da 'Mirari' lana.
Lazkaoko San Benito Ikastolako Batxilergoko 2. urteko ikasle talde bat Deustuko Unibertsitatearen Enpresa Ideia Onenaren 32. Lehiaketan finalista geratu da. Donostiako campuseko Ekonomia eta Enpresa Zientzien ESME Fakultateko Junior Enpresak antolatuta, lehengo ostiralean jaso zuten aitortza, Donostiako udaletxean egindako ekitaldian.
Lehiaketan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batxilergoko eta prestakuntza zikloetako ikasleek parte hartu dute, 210 lagunek guztira. Enpresaritzarako interesa piztea eta enpresa munduarekin harremana sustatzea dira lehiaketaren helburuak.
Lazkaoko ikastolako Laida Razkin Salazar, Irati Garmendia Aierdi, Markel Etxeberria Iztueta eta Anne Zubiarrain Eizagirrek ikasleek osatutako taldeak Mirari izeneko proiektua aurkeztu du, eta finaleko hamar onenen artean geratu da. Donostiako udaletxeko areto nagusiko ekitaldira gonbidatu zituzten, apirilaren 28an.
Ekitaldi zibilak gauzatzeko eskaintza pertsonalizatua landu dute Mirari proiektuarekin. Ospakizun zibilak ospatu nahi dituztenei ekitaldia antolatzeko eta gauzatzen laguntzeko zerbitzua emango luke alegiazko enpresa horrek. Merkatuaren analisia, egoera, marketin politika eta izaera juridikoa landu dituzte, bereziki. Hamar onenetako bat izateak, proiektuaren egokitasuna eta moldaera bikaina saritu die.