Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduk plan estrategiko bateratua aurkeztu dute
“Bakarrik azkarrago; elkarrekin urrutiago” lemapean, bi herrien arteko lankidetza oinarri duten proiektuak aurkeztu dituzte bi alkategaiek. Osasun etxea, Adifeko lurretan disuasio aparkaleku handi bat eraikitzea, euskara ikastea doakoa izatea eta jarduera fisikoaren patronatua sortzea dira, besteak beste, proposatu dituzten proiektu izarrak.
Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduk datorren maiatzaren 28an egingo diren udal hauteskundeei begirako programa bateratua aurkeztu dute, zenbait proiektu estrategikoren inguruko hausnarketekin. Agerraldia bi herrietako lehen sei hautagiaiekin osatu dute, Jon Altolagirreren (Urretxuko alkategaia) eta Aritz Elgarrestaren (Zumarragako alkategaia) gidaritzapean.
Lehen hitza Aritz Elgarrestak hartu du. “Zumarraga eta Urretxuko herritarrak auzolanean aritzen gara eta auzolanean jardungo duten udalak behar ditugu. Elkarri bizkarra ematen aritzeak kalteak baino ez ditu ekartzen, ongizatea murriztu, sare komunitarioa ahuldu eta kostu ekonomikoak handitzen dituelako”.
“Lankidetza lehenetsiko duten lidergo berriak eta lankidetza bultzatzeko egitura egonkorrak behar ditugu. Sare komunitarioa indartzeko mahai sektorial bateratuak (aniztasuna, hezkuntza, adinekoak, haur eta gazteak…), azpiegiturak elkarrekin kudeatzeko egiturak (Jarduera Fisikoen Patronatua, Kultur Mahaia…) eta zerbitzuak kudeatzeko partzuergoak (mantentzea, garbiketa, lorezaintza, ura…) eratuko ditugu”, jarraitu du Jon Altolagirrek.
Hau esanik, bi herrien arteko kohesioa ardatz hartuta, Urretxuko zein Zumarragako herritarren bizi baldintzak hobetzea helburu duten bost proiektu estrategiko aurkeztu dituzte:
Jarduera Fisikoaren Patronatua eta Kultur Mahaia
“Bi herrietako erabiltzaileek bi herrietako polikiroldegietako azpiegitura zein ikastaro oro modu berean erabiltzeko aukera baliatuko dugu. Elkarteek eta herritarrek osatutako aholku mahaia izango du.
Bestetik, kultur eskaintza auzoetara iristea, sorkuntza egiturak handitzea eta azpiegitura kulturalen kudeaketa partekatuaren alde egingo dugu”.
Disuasio aparkaleku handi baten eraikuntza eta autobus elektrikoa
“Adifeko lurren lagapena baliatu nahi dugu lur horretan disuasio aparkaleku handi bat eraikitzeko. Horrez gain, bi herrietako auzo guztietara iritsiko den autobus elektrikoa jarriko dugu martxan, Mugin integratua eta eskola ordutegiarekin bat datorrena. Azkenik, TAO sistema egoiliarrentzako ordutegi eta arau berberekin adostua egon beharra dagoela uste dugu”.
Osasun Etxea eta gizarte zerbitzuak lankidetzan
“Gure gizarte zerbitzuek elkarrekin lan egin behar dute. Horretarako, Osasun komunitarioko estrategia bat jarriko dugu martxan eta Osasun Etxea proiektua gauzatuko dugu geltoki zaharrean. Auzoaren topagune bilakatuko da egoitza”.
Hizkuntza politika ausarta, euskara ikastea doakoa eta arnasguneak aisialdian
“Hizkuntza politika ausartak egin eta egiturak sendotuko ditugu. Euskararen Aholku Batzordea berriro martxan jarriko dugu. Aisialdia eta kultur sorkuntza euskararen arnasgune bilakatuko ditugu. Euskara ikastea doakoa izango da”.
Aro industrial berritzaile eta garbia
“Kalitatezko enplegu berdeak eta teknologikoki aurreratuak sortzen dituzten balio erantsi handiko enpresak erakarriko ditugu. Izaera sozialekoak, osasun eta ingurunearekin abegikorrak. Goierri eta Debagoiena arteko zubia izatea dugu helburu, ekosistema industrial paregabe baten lotura. Mankomunitateko eragile desberdinen elkarlana eskatuko du erronka honek, eskuzabaltasuna eta kooperazioa ezinbesteko izango direlarik”.