«Adikzioen gaia lantzen du antzezlanak, inor ez dagoelako adikzioen saretik salbu»
‘The barber’ antzezlana estreinatuko du Beasaingo Hijos de Martin y Loinaz antzerki taldeak, bihar, Usurbe Antzokian. AnIta Alonsok (Beasain, 1977) idatzi eta zuzendutako antzezlan bat da.
Larunbatean estreinatuko duzue The barber izenburua duen antzezlana.
Bai, hala da. Antzerki taldeko ikasle nagusienekin egingo dugu. Lan handia egin dute bihar Usurbeko Antzokian dena primeran atera dadin.
Zertan oinarritzen da?
Adikzioen gaia lantzen du, hain zuzen ere, inor ez dagoelako adikzioen saretik salbu. Gaia nahiko krudela da baina umorea ere ez da faltako. Barre artean, gaiaren inguruko hausnarketa bilatzen du antzezlanak.
Azkeneko urteetan joera hori darabilzue…
Bai. Iaz, Manicon place estreinatu genuen, eta horretan ere, gaixotasun mentalen gaia landu genuen, beti ere umorea nahastuz. Beste talde batekin, ospea lortzeagatik noraino iristeko gai garen lantzen zuen beste antzezlan bat ere egin genuen. Telebista saio batean girotua zegoen.
Zuk idatzitakoa da. Nola izan da prozesua?.
Iazko antzezlanarekin amaitu genuenean, aurtengoa prestatzen hasteko lanketarekin hasi ginen. Horretarako, hainbat ariketa egin genituen; horietako bat izan zen musikarekin jolas bat. Modu aleatorioan abesti bat hasi zen, eta ikasleek, hori entzunda, inprobisatu egin behar zuten. Entzun zen abestiak, drogen inguruan hitz egiten du. Interesgarria izan zen ikasleek egin zuten inprobisazioa eta hortxe sortu zen The barber idazteko lehen ideia. Gero, erraz joan da dena.
Nori zuzendutako antzezlana da? Adin tarte jakinen bat?
Publiko orokorrarentzat. Lantzen den gaiarengatik, hasiera batean ematen badu ere helduentzako emanaldia dela, adin guztietako pertsonentzat da. Uste dut adin guztietako pertsonentzat mezu garrantzitsua duela antzezlanak.
Sarrerak eskuragarri daude?
Bai, Usurbe Antzokian eta Internet bidez eros daitezke, 4,50 euroan. Eta bukatzeko, herritar guztiak gonbidatu nahiko nituzke, ziur gustukoa izango dutela, umorez jositako lana baita, antzerki eskolako ikasleek lan handia egin dute eta gogotsu gaude oholtza gainean onena emateko.