Aldaparoa bete kultura
Zaldibian maiatzerako egitarau oparoa prestatu dute. Asteburu hau eredu: ZAPE elkartearen pottoka festa, erroten dokumental estreinaldia edota futbitoa. Astelehena, baserritarren eguna da.
Zaldibiako errota historikoei buruz ekoitzitako Zaldibia, uraren indarra dokumentala bihar aurkeztuko dute, lehenengo aldiz, jendaurrean. Gipuzkoako Errota Egunarekin bat eginez, ekitaldi bikoitza antolatu dute, ondoren ibilaldia eta Kanpain errota martxan ikusteko aukera izango baita. Galsoro askotako uzta bildu dute, ordea, maiatzean zehar kulturaren larrainean aletu eta zaldibiarren errotan gozatzeko.
Dokumentalak herriko bederatzi errota, izan zirenak eta oraindik badirenak, jaso ditu. Auzolanean landu zuten gaia iaz. Urtsu (1605), Zubieta (1790), Ola goikoa (1621), Ola behekoa (1927), Murua edo Juanmanuelene, Bekoerrota, Errotatxiki (1900), Errotaberri (1890) eta Kanpain (1134) erroten edo argindar zentralen berri jaso dute.
Emanaldiaren ondoren, ibilaldia egingo dute Olako errota, Zubieta eta Kanpain lotuz. 12:00ak aldera, Kanpaingo errota martxan jarriko dute, bisita irekian.
Pottoka elkartearen festa
Erroten ingurukoa, kultura arloan Zaldibian prestatu duten oturuntzaren aletxo bat baizik ez da. ZAPE Zaldibia-Aralar Pottoka Elkarteak jarriko du biharko beste osagai bat. Euskal pottokaren berreskurapenean hasi eta elkartea sortu zutela 25 urte dira, eta urteurrena ospatuko dute.
Galtzeko arrisku bizian zegoen duela mende erdi bat pottoka arraza. Gipuzkoa osoan 40 bat buru besterik ez ziren geratzen, eta egoera irauli nahian eratu zuten ZAPE zaldibiar batuzek, 1998ko maiatzean. Harrezkero, arraza hobetzen lan egin dute, eta biziraupena ziurtatzeko esparrua irekitzen. Pottoka azienda 400 bat burura igoarazi dute.
Bihar goizean, mendi aldetik pottokak jaitsitakoan hasiko da festa. Erakusgai jarriko dituzte plazan, eta urteotako ibilbidea argazkitan errepasatuko dute. Behin ganadua erretiratutakoan, lagunarteko bazkaria egingo dute, Zubi-Buru elkartean, trikitilariek alaituta.
Kirola ere bai
Plazatik urrutira gabe, Resti pilotalekuan Zaldibiako futbito txapelketa jokatuko da, egun guztian zehar. Gazte asanbladak eta Ausa-Zaldibi areto futbol taldeak antolatu dute.
Kirol arloan, gaur Herriarteko txapelketan estreinaldia du Zaldibiako pilotari taldeak. Oiartzun hartuko dute Restin, final zortzirenetako joanekoan.
Bertso ikuskizuna gaur
Bertsolaritza oinarri duen eRRe, aldarri bat bertsoz ikuskizuna ikusi ahalko da, gaur gauean, Herri Antzokian. Sarrera 5 euro da. Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Peritz eta Oihana Arana dira bertsolari-protagonistak, Edurne Azkaratek zuzenduta. Norbere gorputza eta bertsolaritza zeharkatzen dituzten 10 eszena lantzen dituzte, zenbait dualismotatik abiatuta. Dramatizatutako bertso-paperak, antzerkia, helduentzako ipuin-kontaketa eta poesia uztartu dituzte ikuskizunean.
Datozen ekitaldiak
Asteburu oparoa astelehenean amaituko da. Baserritarren eguneko bazkaria Illati tabernan egingo dute. Txartela hartzeko (28 euro) azkeneko eguna gaurkoa da. Maiatzean aurrerantzean, plaza-dantza ikastaroa, Añube taldearen kontzertua, dantzari gazteen topaketa, hitzaldiak, mendi lasterketa izango dira, beste zenbait gauzaren artean.