Asteburuko eraso matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Legorretan
Larunbat goizaldean taberna batean gertatutako eraso matxistaren aurka atera dira kalera hamarka herritar.
Larunbat goizaldean Legorretan gertatutako eraso matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute herriko plazan gaur arratsaldean, Aiuri talde feministak deituta. Hamarka herritar elkartu dira bertan erasoa salatzeko. Udalak adierazpena zabaldu zuen atzo iluntzean, eta erasoa jasan duen emakumeari eta inguruari “babes osoa” eskaini dizkie. Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Legorretan indarkeria matxista egotzita.
Hau da Aiuri talde feministak gaurko elkarretaratzean irakurritako testua, osorik:
“Gaur ere hemen elkartu behar izan gara, BERRIRO eraso bat eman delako herrian. Hasteko, babes eta maitasun guztia helarazi nahi diogu erasoa jasan duen emakumeari eta argi utzi, bere alboan izango gaituela.
Ez da berria guzti hau, askotan ikusi dugu eta NAZKATUTA GAUDE. Kaleak, gauak eta hain segurua iruditzen zaigun LEGORRETA ere, ez dira emakumeontzat espazio seguruak. Gure egunerokoan eragiten duten egoerak dira hauek, emakumeon askatasuna beldurrez mugatzen dutenak.
Azken urteotan emakumeon ibilbide luzea egin dugu beldur honi aurre egiteko tresnak eskuratuz, gure arteko zaintza bultzatuz, saretuz, autodefentsa antolatuz eta egoera hauek ikusaraziz.
Baina erasoen iturria ez dago emakumeongan, emakumeok ahalduntzen jarraituta ere, erasoak ez dira desagertuko. Hau moztearen ardura gizarte osoarena dela esaten dugu etengabe, baina zehaztu genezake: GIZONEZKOAK zuen praktikak eta ohituak aldatu ezean, ezingo diogu errealitate honi errotik erantzun.
Barneratuak dituzten pentsamenduak, ohiturak, elkarrizketak, gizonen arteko babes sareak eta emakumeekiko jarrerak berrikustea ZUEN ardura da.
Emakumeon bide hori egin dugu eta horretan jarraitzen dugu. ZUEN TXANDA da orain. Whatsappean emakumeen argazkiak bidali eta partekatzean, komentario matxistak barrez erantzutean, babosoa zuen koadrilako laguna denean ‘bera denez’ barkatzean, bikotekideari modu txarrean erantzutean…Egora guzti horietan, eta gehiagotan, zuen ardura da moztea. Zuen ardura da hori lekuz kanpo dagoela esatea.
Guk aurrera jarraituko dugu, antolatuz, saretuz, hausnartuz. Eta bidelagun izan nahi zaituztegu. Guztion lana ezinbestekoa da egoera guzti-guzti hauek desagertu daitezen.
Legorreta hobe bat eraikitzea Legorretan bizi garen guztion betebeharra da, horregatik ez dugu inolako erasorik onartuko eta mezu argia erasotzaileei: aurrean izango gaituzue!
Erasoen aurrean, autodefentsa feminista! Gora borroka feminista!”