Zazpi arroz plater dastatzeko aukera izan da Ordizian
Errumaniako, Aljeriako, Saharako, Nigeriako, Pakistango, Ekuadorreko eta Euskal Herriko herritarrek prestatu dituzte arroz platerak, bakoitzak bere herrialdeko ohiturei jarraituz. Bazkalaurretik Ekuadorreko Yuyarina Kausay dantza taldeak desfilea egin du herrigunean zehar
Pakistango bi herritar arroza hango erara prestatzen. ARGAZKIAK: Tere Madinabeitia Arroza jaki unibertsala da, eta prestatzeko erak mugagabeak dira. Gaur zazpi arroz plater desberdin dastatzeko aukera izan da Ordizian, Kulturen Arteko VII. Topaketaren barruan pilotalekuan ospatzen ari den Munduko Arrozak festan.
Hain zuzen, Errumaniako, Aljeriako, Saharako, Nigeriako, Pakistango, Ekuadorreko eta Euskal Herriko herritarrek prestatu dituzte arroz platerak, bakoitzak bere herrialdeko ohiturei jarraituz, eta gero pilotalekuan bertan egokitutako jangela erraldoian eman dituzte dastatzera. 450 lagun elkartu dira bazkaltzeko.
Bazkalaurretik Ekuadorreko Yuyarina Kausay dantza taldeak desfilea egin du herrigunean zehar, herrialde horretako musika eta folklore alaia zabalduz. Bazkalondoren, berriz, haur-jolasak, bingoa, eta Anji Jaialai DJ-ren eta Bush Doctors reggae taldearen emanaldiak izango dira.
Azaroaren 19an emango diote amaiera aurtengo kultur arteko topaketei, Bizilagunak bazkariarekin.













