CAFeko langileen gehiengo zabalak hitzarmenaren alde bozkatu du
1.306 langilek baiezko bozka eman dute eta 121ek aurkakoa gaurko batzarrean. LAB sindikatuak nabarmendu du "mobilizazioei esker" lortu dela hitzarmena, eta langileak zoriondu ditu.
CAF enpresako langileen gehiengo zabalak onartu egin du enpresa komiteak eta enpresa zuzendaritzak hitzartutako proposamena. Gaur langileen batzarrean egin dute bozketa. 1306 langilek baiezko bozka eman dute eta 121ek aurkakoa. Hala, eta urritik mobilizazioak burutu ondoren, hiru urterako hitzarmen berria indarrean sartuko da.
Iragan astean enpresa komitea osatzen duten sindikatuek, CAFeko zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioaren xehetasunak aurreratu zituzten, gaur, behin betiko onartu direnak. Oinarriak dira, lanpostuen sorrera Euskal Herriko planta produktiboetan, erretiro aurreratuak bermatzea, soldata igoerak KPIaren gainetik, azpikontratatutako lankideentzako lan baldintzen hobekuntzak, tituluen kolektiboarentzako urteko lanaldiaren jaitsiera eta CAFeko langileen lan baldintzen beste zenbait hobekuntza, kontziliazioan, esaterako.
Gainera, eta kontutan hartzekoa ere, LAB sindikatutik azpimarratu bezala, «Castejongo plantako lankideekin batera egindako borrokak han ere eman dituela fruituak». Han ere, «hobekuntza nabarmenak izango baitira bai soldatetan, bai urteko lanaldiaren jaitsieran, besteak beste».
Inbertsioak
Hitzarmen berriak ekarriko dituen hobekuntzez gain, aipamen berezia egin diote Beasainen froga nabe berri baten eraikuntza egiteko konpromisoa hartu duelako zuzendaritzak. Nabe berriaren eraikuntzak bederatzi milioi euroko inbertsioa suposatuko du. LAB sindikatuak «oso positiboa» dela adierazi du, «etorkizuneko frogetarako nabea kokatuko den lurzoruari erabilera produktiboa emateko etengabeko eskaera lortu da».
Enpresa komiteak eta zuzendaritzak negoziatu eta langileen gehiengo zabalaren babesa jaso duen akordioaren iraunaldia hiru urtekoa izango da – 2023, 2024 eta 2025.- eta 3.500 inguru langileri eragingo die zuzenean.
“Zorionak” langileei
LAB sindikatutik, langileentzat hitzarmenik onena lortzeko hilabete hauetan mobilizatu diren langile guztiak zoriondu ditu. «Lanuzte eta mobilizazioen bidez, CAFeko langileok berriro ere erakutsi dute borroka egitea eraginkorra dela lan baldintzen hobekuntzarako».
Hona iristeko bidea «gogorra» izan dela ere aitortu dute. Gogoratu dutenez, negoziaketa prozesuan Zuzendaritzak proposatu eta ELA, CCOO eta UGTk mobilizazioak bertan behera uzteko egin zuten proposamenaren aurrean, langile batzarrak, LABek defendatu moduan, borrokarekin aurrera jarraitzeko hautua egin zuen». Langileek babestu duten hitzarmena, «erabaki horri esker» lortu dela adierazi dute, «egindako esfortzuaren fruitua da»..
Laburbilduz, egindako bidearen balorazio «positiboa» egin du LABek. Era berean, «lanean jarraitzeko konpromisoa» adierazi dute, «hitzarmen honetan lortu ez diren gaiak lortzeko».