Florentino Goibururen omenezko bertso paper lehiaketa abian da
Florentino Goibururen omenezko bertso paper lehiaketa antolatu du aurten lehenengoz Izalgo bertso taldeak, «bertsolari idiazabaldarra oroitzeko eta herrian bertsozaletasuna sustatzeko» helburuarekin. Urtero errepikatzeko asmoz jaio den ekimena dela aurreratu dute.
Bertso paperak urtarrilaren 12ra bitartean jasoko dituzte. Lanaren kopia bat liburutegian aurkeztu beharko da itxitako gutun azal baten barruan. Sari banaketa San Blas jaietan egingo da.
Bertsolaria eta artzaina
Lehiaketa bi kategoriatan jokatuko da, «DBH 1.mailatik 18 urtera, eta 18 urtetik gora». Haurrek ere bertso paperak aurkezteko aukera izango dute, baina lehiaketatik kanpo. Oinarri guztiak idiazabalgobertsotaldea.blogspot.com web gunean daude ikusgai, dagoeneko.
Florentino Goiburu (Idiazabal, 1951-2012) bertsolaria eta artzaina Erdiko baserrian jaio zen. 1951n egin zuen debuta bertsotan jaioterrian, Manuel Olaizola Uztapide eta Akilino Izagirre Zepai bertsolariekin. Lazkao Txikiren laguna zen eta harekin ere aritu zen sarri, baina Patxi Iraola zaldibiarrarekin kantatu zuen gehien. Besteak beste, Zepai saria irabazi zuen 1971n, eta Idiazabal Gazta Izendapenaren omenaldia jaso zuen 2007an.